GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

Triatloia

Jan Frodeno alemaniarrak Beijingen erakutsi du azkenik bere lehiakortasuna

pj02_f02_555x555.jpg

I. S. | DONOSTIA

Jan Frodeno alemaniarrak lortu zuen atzo Beijingo Jokoetako triatloi probako urrea, eta zortzi urte ondoren kirol honetarako bere benetako balioa erakutsi zuen. Berari jarraitzeko gai izan zen bakarrak, Simon Whitfield kanadarrak, zilarra lortu zuen eta Zeelanda Berriko Bevan Dochertyrentzat izan zen brontzea.

Triatloiaren Kirol Instalazioetan egindako probaren azkenaurreko luzean erraz aurreratu zen 27 urteko alemaniarra urtegiaren inguruan kokaturik zeuden ikusleak zur eta lur utziz. Horrela, nazioartean ordura arte ezer berezirik lortu ez zuen Frodenok aurkarien lana ezerezera murriztu, eta atzean utzi zituen lasterketan zehar nagusitzen ari ziren Gomez eta Docherty. Hortik aurrera, Whitfield kanadarrak bakarrik jarraitu zion txapeldunari.

Alemaniatik Hegoafrikara

Altueran 193 zentimetro neurtzen dituen atleta alemaniarrak Hegoafrikan egiten du egin beharreko entrenamendua, eta hondartzako boleibolari, surfari eta sukaldaritzari esker bizitzaz gozatzen. Duela zortzi urte hasi zen triatloian buru-belarri trebatzen eta 2004. urtean 23 urtez azpikoen artean munduko txapelketan bigarrena izan ostean aukerarik bazuela erakutsi zuen.

Ordutik, munduko kopako hamahiru txapelketatan hamargarren postutik gora ibili bada ere, urrezko domina hau lortu arte sei domina besterik ez zituen irabazi Frodenok. Beraz, garaipen pertsonal bat da, ezbairik gabe, herritik urrun kritikoen presioagatik sekulako zama jasan duen kirolariarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo