GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Amorrua eta minaren alde ederra

p035_f01_97x100.jpg

Aspaldian ez genuen horrelako abeslari sentibera ezagutu. Lehenengo diskoak maitemindu gintuen eta bigarren honekin, urtu egiten gara. Nigerian jaioa, hemeretzi urterekin joan zen Alemaniara (musika eta antropologia ikasketak egitera). Musikalki, Fela Kuti eta Bob Marley ditu erreferentzi nagusiak. Rapa, soula, funkia eta reggaea, oso modu pertsonalean abestuta.

Duela aste gutxi zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izan genuen. Agertokira irten zenean musikari eta soinu ekipoaren artean ez zen apenas ikusten (txikitoa da eta duen afro orrazkera ederragatik ez balitz...); abesten hasi zen arte. A zer ahotsa duen. Neneh Cherryren garai onenak ekarri zizkidan burura.

Nigeria, Afrikan biztanle gehien dituen herrialdea da. 1901. urtetik 1960. urtera ingelesen menpe egon da eta ondoren, bertako jauntxo eta militarrek ustiatzen jarraitu dute. Gas eta petrolioan aberatsa da oso (ustiaketa atzerriko multinazionalen esku dago, europarrak tartean), baina biztanle gehienak miseria gorrian bizi dira. Bordelen eskainitako kontzertuan, Nigeriako egoeraren larritasunaz aritu zen, eta denon artean zerbait egin behar genuela esaten zigun. Goizeko ordu txikiak ziren eta jende askok ez zion bere hitzei jaramon handirik egiten (festa giroan zeuden). Haserre zirudien eta kontzertua bertan behera utziko zuela pentsatu nuen. Agian, bere ingelesa ulergaitza egingo zitzaigula esan eta kontzertuarekin jarraitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo