GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ikurrina omentzeko kalejirarekin bat egin du Bai Euskal Herriari ekimenak

Bai Euskal Herriari herri ekimenak bat egin du gaurkoan Bilboko konpartsek ikurrinari egingo dioten omenaldiarekin. Bide batez, ekimenak espainiar bandera jartzen ari diren udalen jarrera salatu eta «Euskal Herriaren aurkako aginduak ez ditzatela bete» exijitu die.

p011_f01.jpg

Ander PEREZ |

Bai Euskal Herriari herri ekimenak atxikimendua erakutsi dio Bilboko konpartsek gaur ikurrinari eskainiko dioten omenaldiari. Bertan parte hartzeko eskatuz egindako deialdian, bide batez, Nafarroa Garaian «euskal zantzu oro kitatu asmoz kaleak garbitzeari ekin» diotela salatu du herri ekimenak. Era berean, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan helburu berdinarekin «pauso berriak» ematen ari direla salatu du, Durangoko udaletxean espainiar bandera ipini izana jarriz adibide gisa.

Bai Euskal Herriari herri ekimenaren aburuz, «duela 30 urte baino okerrago gaude» egun, «orduan ikurrinak jarri zituzten hainbat udal Espainiar agintarien mendeko bihurtu eta espainiar bandera jartzen dutelako orain». Udal horiei «Espainiatik eratorrirako Euskal Herriaren aurkako aginduak ez ditzatela bete» exijitu die herri ekimenak. Gainera, herri ekimenak «euskal herritarron nahia eta borondatea ordezkatu beharko luketenek» Auzitegi espainolen aginduak beteko dituztela aurreratu izana salatu du.

Espainiar bandera, apiriletik

Bihar ospatuko den Bilboko Aste Nagusiaren egun handian, ez da, lehenbiziko aldiz, bandera espainolik jasoko. Izan ere, aurreko apirilaren 4an ezarri zuten ikur espainiola Bilboko udaletxean. Bai Euskal Herriari ekimenaren ustez, «inposaketa» hori eta «Espainiar agintearen hatzaparrak» udal gehiagora iritsiko dira. Egoeraren aurrean, «indarrak bildu eta konpromisoak hartzeko garaia» dela adierazi eta ikurrinaren aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Bilboko konpartsek deitutako mobilizazioa Arriaga plazan hasiko da 18.30ean. Herri kalejira baten ostean, omenaldia eskainiko zaio ikurrinari udaletxe parean dantzariek eta bertsolariek lagunduta.

«PAUSO BERRIAK»

Nafarroan «euskal nortasunaren zantzu oro» kitatzeko saiakeren ildo berdinean, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ere «pauso berriak» ematen ari direla salatu du Bai Euskal Herriari herri ekimenak.

UDALEAN APIRILETIk

Bihar, Aste Nagusiaren egun handian ez da, estreinako aldiz, espainiar banderarik jasoko; izan ere, aurreko apirilaren 4an ezarri zuten ikur espainiarra Bilboko udaletxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo