GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Donostia Hiria Torneoa

Asegarcek udako bigarren bikote finalista lortu nahi du

Bengoetxea VI.a-Ruizek Xala-Pascualen aurka jokatuko dute gaur gauean

J.O. | GASTEIZ

Txapelketa handietan inoizko urterik borobilena osatu ostean, uda pattal xamarra izaten ari da Asegarcerentzat. Izan ere, orain arte jokatutako hiru udako torneoetan Aspeko bikoteak irten dira garaile. Gainera, azken bietan, Gasteizen eta Zarautzen, Eibarko enpresako pilotariak bakarrik egon dira finalean.

Iruñean Olaizola II.a-Belokik Xala-Barriolaren aurka galdu zutenetik, Bilboko enpresako pilotariak final guztietatik at geratu dira. Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruizek bolada txar horri amaiera eman diezaiokete gaur Xala-Pascuali irabazteko gauza badira, Atano III.ean jokatuko den partidako garaileek Olaizola II.a-Mendizabal II.a egungo binakako txapeldunen aurka jokatuko baitute lehen finalerdia.

Hala ere, gauzak ez dituzte batere erraz izango bi nafarrek. Izan ere, gaur egun joko bola hobean dirudite Xalak eta Pascualek. Gorriz jokatzeak sortzen duen presioagatik edo, buruz buruko txapeldunak txapela jantzi aurretik zuen txispa eta ausardia galdu du aurreko koadroetan eta, azkenaldian, ikaragarri kostatzen ari zaio hogeita bira iristea.

Xala, bere aldetik, aspaldiko bolada onenean da uda honetan. Horren adierazle, Titinek bakarrik geratu ahal izan du Gasteizen eta Zarautzen. Atzean, berriz, Pascual nahiko txukun ari den bitartean, Ruizek bere eskuina erabat berreskuratu ezinean jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo