Aljeria, aurrekari lotsagarriak dituen gatazka Europaren atarian
Atzo hamaika lagun hil eta 31 zauritu ziren Bouiran (Kabilia, aljeriar administrazioaren peko lurraldea) izandako atentatuan; herenegun, 43 hildako eta 45 zauritu izan ziren Kabilian bertan izandako erasoan. Atentatuek Magreb Islamikoko Al Kaedaren marka daramate eta, talde armatu horren ahalmen militarraren erakusle izateaz gain, gatazka konplexu baten adierazle dira. Izan ere, egun talde armatu horrek izen entzutetsu hori badarabil ere, haren aurrekariak orain dela ia bi hamarkadara iristen dira. FISeko islamistek hauteskundeak irabazi zituzten, baina Armadak ez zuen emaitza onartu eta estatu kolpea eman zuen Europaren onespenarekin. FIS desagertu eta GIA talde armatua sortu zen; ondoren, GSPC Prediku eta Borrokarako Talde Salafista, 2007an Al Kaedaren marka hartuko zuena. Bistan dago milaka hildako eragin dituen gatazkaren bilakaera; europarren begi harrituentzat bereziki kezkagarria, beren kontinentearen atarian izaki. Kezkagarria, baita, nazioarteko komunitateak fenomenoari, Aljerian zein beste edozein herrialdetan, ematen dion tratamendua, hipokrisiaren adierazle argia baita.