BELAR HOCKEYA Emakumezkoak
Argentinak ezin du apurtu Holandaren nagusitasuna
Atenaseko Jokoetan eta azkeneko munduko txapelketan gertatu bezala, finaletik kanpo geratu zen bere jokoa agortuta ikusi, eta 5-2 galdu ostean
Imanol SESMA | DONOSTIA
Txinak eta Holandak jokatuko dute datorren ostiralean (14.30 Euskal Herrian) Beijingo Jokoetako belar hockeyko emakumezkoen finala, atzo batak Alemania eta besteak Argentina kanporatu ostean. Azken bi horiek ere egun berean arituko dira lehian brontzezko domina lortzeagatik (12.00).
Atzoko finalerdietako batean, Holandak argentinarren jokoa agortu eta brontzeagatik borrokatzera behartu zuen 5-2 irabazi, eta bera urrea irabazteko hautagai sendoa dela gogorarazten zuen bitartean. Herbehereetako taldeak pilota ederki erabili zuen partida hasieratik eta defentsan zein penalti-kornerretan sendo aritu zen. Bitartean, hegoamerikarrek huts egin zuten halako jokaldietan, eta ez ziren aurkariaren joko sendoari erantzuteko gai izan. Hala, Atenaseko Jokoetan eta azken munduko txapelketan bezala, finalik gabe utzi zuen Holandak talde zuri-urdina. Bitartean, Txinak lortu zuen finalerako beste txartela Alemaniari 2-3 irabazita.
Bestalde, txapelketa bereko zazpigarren postua eskuratu zuen Espainiak atzo, luzapenaren amaieran penalti-korner batean Rocio Ibarra euskaldunak sartutako urrezko gol bati esker Estatu Batuetako taldea gailendu ostean (3-2). Baina ez da atzoko golegilea talde honetan jokatzen duen Euskal Herriko jokalari bakarra. Izan ere, Atenasen berarekin batera ibili zen Barbara Malda eta lehen aldiz Jokoetan parte hartu duen Maria Lopez de Eguilaz elastiko gorria jantzita aritu dira Beijingen.
Finalerdiak errepikatuz
Gaur jokatuko dituzte harrigarria den arren duela lau urteko Jokoetako berak diren gizonezkoen txapelketari dagozkien finalerdietako partidak. Australiak Espainiaren aurka jokatuko du (14.30 Euskal Herrian). Talde ozeaniarrak europarra kanporatu ondoren urrea lortu zuen Atenasen, eta honakoan, beste horrenbeste egiten saiatuko da. Espainiak aldiz, Alemaniak bezala, gidoia aldatu nahiko du. Izan ere, alemaniarrek Atenasen brontzearekin konformatu behar izan zuten azkenean zilarra eskuratu zuen Holandaren aurka finalerdia galdu ostean. Finala larunbatean jokatuko dute.