Jexux Arrizabalaga Aramendi Donostiako Euskal Herrian Euskaraz
Donostia Kulturaren Europako Hiriburu izateko hautagaitza dela-eta
Urtero denok egiazta dezakegunez, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Zinemaldia eta abar jardunaldi erabat espainolak dira hizkuntzari dagokionez
Euskalgintzak Euskal Herriko beste herri eta hirietan bezala Donostian ere urteak eta urteak daramatza euskararen egoera normalizatuaren alde lanean. Denbora luze horretan, beti izan ditugu oztopoak aurrera egiteko.
Donostia Kulturaren Europako Hiriburu izateko kontu honekin ere beldur gara ez ote diguten beste iruzur bat egin nahi. Izan ere, esaldi eta hitz potoloen atzean, eta ikusten hasi garen jarduerak ikusita, hori pentsatzeko motiboa dugu. Udalari, txostena irakurtzea besterik ez dago, egungo estatusaren apologia egitea dagokiola dirudi.
Donostia bi eta are hiru hizkuntzen bizileku dela esaten du (zergatik ez lau?), baina guztiok dakigu batak bestea zapaltzen duela. Errealitatea, nahiz eta bi hizkuntzak ofizialak izan, ezkutaezina da; hain zuzen ere, hauxe da euskalgintzatik egunero salatzen ari garena. Gainera, indar gehiagorekin salatzen ez bada, ez da salatzeko motiborik ez dagoelako. Mendekotasuna hain bortitza izan da, ezen menpekotasun horrek eraginda hiritar askoren kontzientzia asimilaturik baitago.
Egungo egoera egoera ez-normalizatua da. Egitasmo oro, hori kontuan hartuta eta hori gainditzeko xedearekin egin ezean, ezin da arrakastatsua izan; horrenbestez, ez da ezeren eredu izango, ezta ezeren erreferentzia ere, ez bada oraingo zapalkuntza mantendu nahi dutenena.
Donostia 2016. Proiektu horren inguruan zerbait gogoangarria egin liteke. Donostiak dituen kultura azpiegiturek horretarako aukera eskaintzen dute. Halaber, dagoen sormen gaitasunak ematen du aukera gauza ederrak egiteko, kulturaren munduan urrats berriak gauzatzeko. Parte-hartzea eta konplizitatea normalizaziorantz bideratuta, herritarrek ilusioz ekin diezaiokete lanari Donostia Euskal Herriaren eredu ez ezik, Europako herrien eredu ere izan dadin.
Donostiak inguruko beste hiriekin parekatuta duen ezaugarririk nabarmenena eta aipagarriena euskarak duen presentzia da. Bestalde, bistakoa da Donostiako eragile ekonomiko nagusienetakoa kultura dela. Urtean zehar oihartzun handiko jardunaldiak antolatzen ditu. Norbaitek esan dezake jardunaldi horiek pixkanaka euskalduntzen, normalizatzen ari direla, euskara gero eta gune gehiagotara ailegatzen dela, baina inola ere ezin da esan normaltasunez erabiltzen den hizkuntza denik. Urtero denok egiazta dezakegunez, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Zinemaldia eta abar jardunaldi erabat espainolak dira hizkuntzari dagokionez.
Euskalgintzatik salaketak egitea zerbait arrunta bilakatu da, urte asko dira bi hizkuntzak ofizialak direnetik; hala ere, bien arteko parekidetasuna lortzeko egin diren aurrerapenak oraindik oso kaskarrak dira. Bagera elkarteak urteetan jardunaldi ospetsu horietan euskararen erabileraren progresioa zein izan den adierazten duten datuak eman ditu. Horiek ikusi besterik ez dago oso eskasa izan dela frogatzeko. Izan ere, apaingarri gisa erabiltzen da.
Gizarte kohesioa erdietsi nahi bada, ezinbestekoa da administraziotik neurriak hartzea aipatzen ari garen norabidean; hau da, euskaraz normaltasunez bizi ahal izango bagara, beharrezkoa da Udalak arauen bidez neurri zehatzak indarrean jartzea. Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Antzerki Topaketak, zinemaldiak, zinema aretoak eta beste kultur adierazpen oro euskaldun bilakatu behar dira. Horregatik euskalgintzan eta kulturgintzan hausnartzea merezi duen galdera bat sortu zaigu: EAEko euskararen normalizaziorako araudia indarrean jarri zenetik mende laurdena pasa igaro denean, zerk eragozten du jadanik araudi hori indarrean ez egotea?
Donostian, modu batean edo bestean, kulturgintzan dihardutenak asko dira. Horietako askok euskara dute berezko hizkuntza. Mundu horri guztiari lekua egin behar zaio, aukerak eman behar zaizkio, sormen lanean segi dezan sustatu behar da. Horiek izan beharko lukete Donostia 2016ko Kulturaren Europako Hiriburu izendatze honen ardatz nagusia.
Bake kultura xede badugu, esaten ari garen aldaketak beharrezkoak dira. Errespetuan oinarrituko den jendartea sortu behar dugu. Aniztasuna errespetuan oinarritzen da, baita bakea ere. Inor inoren menpeko izango ez den mundua nahi dugu. Euskaldun bizitzeko aukera izan behar dugu. Donostiak beste ezein hirik baino aukera gehiago eskaintzen dizkigu helburu hori gauzatzeko.
Helburu hori errealitate bilakatzeko lan handia egin beharra dago. Erronka horrek norabide horretan arituko den jende anitzaren borondateak bateratzea eskatzen du. 2016ko Kulturaren Europako Hiria izendatzearen kontu hori aukera ona izan daiteke indarrak batu eta normalizazioaren bidean aurrera egiteko. Akuilu lana egin dezake izendapen horren inguruko antolakuntzak. Gainera, proiektu horrek elkar ezagutzeko balioko du, eragile bakoitzak bestearen berri izateko, auzolana indartzeko. Bide batez, Europako herri gutxituen artean elkar ezagutza sortu eta indartzeko ere balio lezake.
Hauxe da gure iritzia egitasmo honen aurrean. Gustatuko litzaiguke gure ikuspuntu hau jendearekin partekatzea eta, nola ez, bereziki kulturgintzan dihardutenekin.