Kartzelara bidali du epaileak Estibaliz Anguloren senarra
Estabaliz Anguloren senar eta haren heriotzaren ustezko egile Cristobal Martinez Langraizeko kartzelan dago jada, ospitalean bost egun eman ostean. Mañuetako bizilagunaren heriotzaren aurkako protestak egiten jarraitzen duten bitartean, eraso sexista gehiagoren berri dago. Azken egunetan, gutxienez beste hamar emakumeei eraso egin diete.
GARA |
Ospitalean lau egun eman ostean, astearte arratsaldean eraman zuten Langraizeko kartzelara Estibaliz Anguloren senar eta haren heriotzaren ustezko egile Cristobal Martinez.
Pasa den ostiralean topatu zuten 72 urteko emakumearen gorpua, bere etxean, hainbat labankada zituela. Haren alboan zegoen Martinez, antza, bere emaztea hil ostean bere burua zauritu zuena. Logroñoko San Pedro ospitalean egon da atxilotuta harrezkero, Polizia espainoleko agenteek zainduta. Epailearen aginduz, astearte arratsaldean eraman zuten bertatik espetxera bere emaztea hil izana egotzita.
Azken egunetan Mañuetako emakumearen heriotza salatzeko elkarretaratze ugari izan dira Euskal Herriko makina bat bazterretan. Salaketak salaketa, emakumeen aurkako erasoak errepikatu egin dira azken egunetan. Hain zuzen, asteartean bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizen emakume bati sexu eraso egitea leporatuta. Lakuako Barne Sailak atzo aditzera eman zuenez, erasoa pasa den astelehen gauean gertatu zen Florida kalean.
Emakumea bi gizonekin zihoan kaletik baina horietako batek zelai batera joatera derrigortu, jo eta sexu erasoa egin zion. Beste gizona begira egon zen. Udaltzaingoari dei egin zion pertsona batek gertatu zena kontatuz eta bertaratu zirenean erasotzaileetako bat atxilotu zuten M.E., 24 urtekoa. Era berean, erasoa jasan zuen emakumea Santiago erietxera eraman zuten zauriak sendatzeko. Ertzaintzak beste erasotzailea, 28 urteko R.S., goizean atxilotu zuen, 9.30 aldera.
Aurretik lau alditan atxilotua
Ez da hori azken egunetako kasu bakarra izan, eta atzo bertan Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen azken egunetan sei gizon atxilotu dituztela eta beste hiru inputatu emakumeen aurkako indarkeria delituengatik. Asteartean 44 urteko gizon bat atxilo hartu zuten Cortesen bere bikoteak salatu ostean; lehendik ere indarkeria sexistagatik aurrekariak ditu.
Astelehenean, berriz, 37 urteko gizon bat atxilotu zuten Alesbesen, hain zuzen ere, indarkeria sexista eta aurretik zuen urruntze agindua urratzea egotzita. Erasoa jasandako emakumeak osasun zentrora joan behar izan zuen eragindako zauriak sendatzeko. Egun berean beste emakume bati ere eraso egin zioten Tuteran eta horrek ere osasun zentrora joan behar izan zuen zauriak sendatzeko. Gainera, honakoan ere, lehendik urruntzeko agindua zuen erasotzaileak, zehazki, lau aldiz atxilotu izan dute aurretik indarkeria sexista delituengatik.
Halaber, igandean emakume bati eraso egin zion bikotekideak Zangozan. Erasoaren ostean Poliziari dei egin zion eta ospitalera eraman behar izan zuten zauri ugari zituelako. Ondoren, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren pertsonentzako Nafarroako Gobernuak duen zentrora eraman zuten emakumea.
Egun bat lehenago, larunbatean, Izarbeibarren 74 urteko gizon bat atxilotu zuten bere emaztea jipoitzeagatik. Emakumeak dei egin zion Poliziari eta eraso egin ziotela azaldu zien. Salaketa jartzeaz gain, emakumeak eskatu egin zuen babes neurriak ere jartzeko.
Larunbatean berriz, 23 urteko Berriozarko gaztea atxilotu zuen Poliziak bere bikotekidea erasotzeagatik. Gaztea beste bitan atxilotuta egon da delitu horrengatik.
Aipatutako atxiloketa eta eraso horiez gain, Nafarroako Gobernuak atzo ohar baten bidez aditzera eman zuenez, beste hiru gizon inputatuak izan dira emakumeen aurkako indarkeria delituengatik Zangozan, Iruñean eta Berriozarren.
Bi lagun atxilotu dituzte Gasteizen emakume bati sexu erasoa egiteagatik. Erasotzaileek 24 eta 28 urte dituzte.