Neguko kantuaren kontra... edo udako kantuaren alde
Negua ozta-ozta pasatzen dugu, ustez serioa den eta, era berean, irudimena (musikaren motor nagusia) alde guztietatik falta duen musika epel eta handiustekoa entzuten, gainera uda berdin emateko. Gora beraz, euskaraz egindako udako kantu alai, pikaro eta disinhibituak.
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Aizue, zuek ez al zaudete triste? Ez al duzue zerbaiten hutsa sumatzen? Ez al zaizue uda honetan burura zerbait falta izanaren ustea etorri? Fale, udara, oporrak eta nahi duzuen guztia, gure esku ez dagoen eguraldia eta ahal denean parranda apur bat... baina hala eta guztiz ere..... zerbait falta dugu. Non dago gure burua etengabe eta nazkatzeraino aspertzen duen udako kantua? Udako kantu lotsagabe eta eskandaluzkoa? Egin dezatela penitentzia «chiqui-chiqui»aren alde apustu egindakoek.
Ez nuen uste egia esanda halakorik inoiz gertatuko zitzaidanik, baina... negua ozta-ozta pasatzen dugu, ustez serioa den eta, era berean, irudimena (musikaren motor nagusia) alde guztietatik falta duen musika epel eta handiustekoa entzuten, gainera uda berdin emateko. Aspertuta eta nazkatuta, ados, baina behintzat irribarretxo bat ezpainetan eta inork begiratzen ez gaituenean (artistok ez dugu halakorik egiten) kantuari lotutako dantzatxoak eskatzen duen aldaka kolpea eta esku mugimendua saiatzen dugu udan. Tontoa dela, jakina, baina, aizue, hobe tonto eta atsegina, azkarra dela sinistuta dagoen tonto esnoba baino, berriro mundua, betiko moduan, azaltzen. Horiek utzi negurako. Eta ez naiz ari espainiar edo frantziar udako kantuaz.... ez, euskal uda-kantuaz ari naiz. Euskal uda kantu jator eta festazaleaz.
Badira uda batzuk ez dudala euskal uda-kanturik entzuten, non daude Furra-furra, Maria gora, Sarri-sarri edo Kapitalismoak dakarren kantuen oinordekoak? Taberna eta festetan dantzatzeko Nor-Nori-Nork? Hegoaldeko neskatoen kantaera betirako moldatu zuten Bexamela edota Txanpon baten trukeren modukoak?
Ez dut dramatiko izan nahi baina euskal musikagintzak azken urteetan jasaten duen eragin sozialaren murriztearen beste seinale bat da. Are gehiago, Betizuen Gora, Gora... edota Takolo, Pirritx eta Porrotxen Maite zaitut badira gure udako kantuen zerrenda laburrak eman dituen azken aleak. Ez kantu txarrak direlako, ezta gutxiagorik ere, euskal kulturak oro har bizi duen «infantilizazioaren» seinale izan daitezkeelako. Bueno, nola ez, 5 eta 12 urte arteko haurrak badira gaur egun euskal kulturaren kontsumitzaile nagusiak!
Gora, beraz, euskaraz egindako udako kantu alai, pikaro eta desinhibituak. Hobe irudimentsuak, edukidunak eta freskoak badira, jakina, baina ezin bada, bestelakoekin ere moldatuko gara. Ea hurrengo udan...