GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Benito Lertxundiren lan berria, zuzenean entzungai Bidasoa Folk jaialdian

p034_f03_88x56.jpg

A. BILBAO | BILBO

Bidasoa Folk jaialdiak doinuz beteko ditu Hendaia, Hondarribia eta Iruneko zoko eta kaleak bihar hasi eta igandera bitartean. Txingudiko Badian 2000. urtetik ospatzen den jaialdiak Iberiar Penintsulako eta Europako hegoaldeko zein ekialdeko musikak eta dantzak plazaratzea du helburu, betiere doako kontzertuen bidez. Aurten, atzerriko taldeekin bat, Benito Lertxundi ere izango da jaialdian, aurki kaleratuko duen laneko kantuak eskaintzen.

Bihar Hondarribian ospatuko duten Dultzainaren Egunak irekiko du festa. Bertako kaleak gozotzen izango dira, besteak beste, Los dulzaineros del Bajo Aragón eta Los gaiteros de Elciego & Friends taldeak. Gauean, berriz, Gipuzkoa plazak hartuko du lekukoa, Moldaviako Zurgo taldeak eta Uaragniaun & Maria Moramarco italiarrek emango duten ikuskizunarekin.

Larunbateko festa Galandum Galundaina portugaldar taldeak irekiko du Hendaian. Hurrengo egunean, bigarren ekitaldia egingo dute Irunen, Pauliteiros de Miranda herrikideekin batera. Larunbatarekin jarraituz, Herbehereetako Muyayos de Raïz taldea Irungo Zabaltza plazan izango da eta Benito Lertxundik Hendaian kantatuko du. Bukatzeko, Kataluniako La Banda del Surdo batukada taldearen perkusio ikuskizuna izango da, Hendaian zein Irunen.

Igandean, etxeko Lemak taldea eta Kataluniako Lluis Gomez Quartet blue grass taldea Hondarribian izango dira eta, Ton Rullo I la pegebanda kataluniarrak, Irunen.

Aurki lan berria plazara

Urriaren 16an kaleratuko du Benito Lertxundi Orioko bardoak «Itsas ulu zolia» disko berria, Elkar diskoetxean. Besteak beste, maiatzaren 15ean grabatu zuten «Mirotzak» kantua dago bertan, arraun munduko lagunei eskainia. Abesti horretan, Orioko arraunlariak izan ditu lagun Benito Lertxundik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo