GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Mugertza eta Erasun dira faborito nagusiak

p036_f02.jpg


J.L. | DONOSTIA

Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako aizkolarien lehen kanporaketa bihar bertan jokatuko dute Gorritiko pilotalekuan 12.30ean hasita. Aizkolari askok eman dute izena, tartean berri ugari, eta hiru multzotan banatuta jokatuko dituzte kanporaketak, eta bakoitzeko lehen biak lortuko dute finalerako txartela.

Lehen kanporaketa bihar izango da Gorritin, eta honako aizkolari hauek dute bertan parte hartzeko asmoa: Llanos, Txikon, Olasagasti, Zubizarreta, Zaldua, Agirre, Mugertza II.a, Aizpuru, Aranburu, Pellejero, Amillano, Erasun eta Xanti Olano.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta lehen biak lortuko dute aurrera egiteko txartela. Honelako lan motzetan ezusteak ere askotan gertatu ohi dira, baina adituen ustez Mugertza II.a eta Erasun agertzen dira faborito.

Bigarren kanporaketa Lantzen jokatuko da irailaren 14an, eta bertan honako hauek izango dira: Belauntzaran, Esnaola, Mugertza III.a, Alkizalete I.a, Alkizalete II.a, Beltza, Kañamares III.a, Mandazen, Aristegi, Telletxea, Eraso, Garitaonaindia eta Atutxa II.a.

Hirugarren eta azken kanporaketa Urrotzen jokatuko da irailaren 28an, eta bertan beste hauek lehiatuko dira: Aldape, Mendieta, Dorronsoro, Matxinandiarena, Patxi Mindegia, Oiarbide, Castro, Pikabea, Etxeberria, Perez eta Jauregi. Bi kanporaketa hauetan ere, bihar egin beharko duten bezalaxe, launa kana-erdiko erdibitu beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta multzo bakoitzeko bi onenak sartuko dira finalera. Azkeneko ekinaldi hori Altsasun jokatuko da urriaren 19an, seguruenik ere eguerdi partean izango da.

Palentziara

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa lehen aldiz Euskal Herritik aterako da, eta Palentziara joango da, Venta de Baños herrian jokatuko baita jardunaldia etzi 18.30etik aitzina. Nazabal, Lopez eta Arria V.a arituko dira nor baino nor, eta Floren Nazabal izango da garaipena erdiesteko faboritoa.

Txapelketa hau pribatua den arren, inoiz ez zen lehiaketarik atera Euskal Herritik kanpo, eta horren nondik norakoak azaldu dizkio GARAri Luixmari Bengoak, Egur Sport enpresako arduradunak: «Guretzat ere ezustean etorri da. Guk Tolosan jaialdi ugari antolatzen ditugu, eta badirudi Venta de Bañoseko Udaleko zinegotziren batek Tolosako alkatearekin harremana duela, eta haren bidez etorri zaigu bertara joateko aukera», esan zuen.

Aurrera begirako bide ona izan daitekeela onartu zuen: «Dudarik gabe. Pilotan ere alde horretan jaialdi ugari izaten dira, eta aizkorarako ere afizio handia dago. Azkenekoa ez izatea espero dut», onartu zuen agintari arabarrak.

Txapelketa honetan, orain arte Floren Nazabal ari da nagusitzen, jokatzen ari den gainerako proba gehienetan gertatzen ari den moduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo