GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

Futbola Emakumezkoak

Talde aspergarri batek urre gabe utzi du Brasil

Hegoamerikarrak hobeto jokatu zuten, baina Atenasen gertatu bezala estatubatuarrek irabazi zuten finala

pj07_f01_555x555.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

Ameriketako Estatu Batuek Atenasen irabazitako urrea errepikatu zuten atzo. Gainera, orduan bezala, Brasili finaleko luzapenean irabazita lortu dute (1-0). Joko hobea egin eta irabaztea merezi izan zuten hegoamerikarrek, baina aurrealdean ez zuten argitasunik izan.

Emozioa mantendu arren, oso partida aspergarria izan zen atzokoa. Panamerikar Jokoen finalean brasildarren aurrean 5-0 galdu izana gogoan zutelako akaso, iparamerikarrak atzera begira jokatu zuten norgehiagoka osoa. Hala, atezainek ez zuten ia lanik izan. Hala ere, lehen zatiaren erdialdean estatubatuarrek zer edo zer aurrera egin eta Marta eta Cristiane brasildarrak aukerak sortzen hasi ziren. Aldiz, munduko jokalari onenak eta Olinpiar Jokoetan sekula izandako goleatzaile onenak ez zuten zorterik izan.

Bigarren zatian, atzean kokatu zen berriz talde estatubatuarra, jokoa erabat hoztuz. Gainera, golik egon ez zenez, iparramerikarrak freskoago iritsi ziren luzapenera. Horren erakusle, luzapeneko bosgarren minutuan, Barbara atezainak gelditzerik izan ez zuen ezkerkada indartsua jaurti eta gola lortu zuen Lloydek area ertzetik. Estatubatuarrek emaitza defendatzeko gain izan ziren eta garaipenik gabe utzi zituzten brasildarrak.

Brontzea lortzeko lehian, Japoniak ez zuen merezitako domina lortzerik izan. Hala, fisikoki indartsuagoa dela bakarrik erakutsi zuen Alemaniak, emakumezkoen futbolean Jokoetan lortzen duen hirugarren brontzea lortu zuen (2-0).

Mendekua gauzatuko al da?

Larunbat goizaldean jokatuko da Argentina eta Nigeriaren arteko gizonezkoen final handia (06.00ak Euskal Herrian). Atenaseko urrea mantentzeaz gain, Sydneyn afrikarren aurrean galduriko partidagatik mendekua bilatuko du talde hegoamerikarrak. Izan ere, orduan etsai berdinaren aurrean galdu zuten urrea. Riquelme erdilariak atzo nabarmendu zuenez, oraingoan beste motibazio bat dute, finalerdietan Brasili irabaztea «oso berezia» izan den arren, urrea lortzen ez badute inor ez dela horretaz gogoratuko baitakite.

Azkenik, brontzea irabazteko lehia gaur jokatuko da Belgika eta Brasil faboritoaren artean.

zortea ala zigorra

Hobeto jokatu eta aukerak sortu arren, Brasilek ez zuen golik egin eta urre gabe geratu da. Japonia ere Alemania baino hobe aritu zen brontzea lortzeko lehian, baina amaieran nekatu eta dominarik gabe gelditu dira asiarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo