Esklerosi anizkoitzaren aldeko ekitaldia egingo dute Hernanin
Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea laguntzeko Pirritx eta Porrotxen «Eskerrik asko» ekitaldia egingo dute Hernanin, Udalak babestuta eta AEKrekin elkarlanean. Gaixotasun neurologikoak dituztenen birgaitze zentroko zerbitzuak finkatzea da helburua.
Janire ARRONDO |
ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea laguntzeko «Eskerrik asko» ekitaldia eskainiko dute Pirritx eta Porrotx pailazoek Hernaniko polikiroldegian datorren irailaren zazpian.
Hernaniko Udalaren babesarekin antolatu dute bigarren urtez ekitaldia; bertan biltzen den dirua elkarteak Gipuzkoan dituen 300 bazkideei eskaintzen zaien birgaitze zerbitzua finantzatzeko erabiliko da. Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak adierazi zuenez, «Udalak babestu besterik ez du egin ekimena, lana eta meritua urte osoan zehar lanean aritu diren ADEMGIko kideena da».
«Hain latza den errealitate bati beste aurpegi bat jartzea, egun batez behintzat irribarre egitea, Pirritxek eta Porrotxek egingo dute posible», nabarmendu zuen Hernaniko alkateak. Beitialarrangoitiaren esanetan, «horrelako elkarteei laguntzeko ahaleginak egitea beharrezkoa da, horrelako gaitzei aurre egiteko gauza asko behar baitira».
ADEMGIko kideak adierazi zuenez, «jendeari esklerosi anizkoitza zer den eta gure elkarteak zein lan egiten duen azaldu nahi diogu». 2007ko maiatzean ireki zuten esklerosi anizkoitza eta beste hainbat gaixotasun neurologiko dituztenentzako Gipuzkoako lehenengo birgaitze zentroa, «eta orain zerbitzu horiek finkatu nahi ditugu».
Esklerosi anizkoitza eritasun kronikoa da eta bizi kalitatea mugatzen du. Gizarte, lan, ekonomia eta familiarteko eremuetan eragin handia du. Gainera, gazteen zein helduen artean gehien agertzen den gaixotasun neurologikoa da, eta batez ere 18 eta 35 urte artekoen artean diagnostikatzen da. Ez hori bakarrik, gazteen bigarren ezintasun kausa da trafiko istripuen atzetik, eta ohikoagoa da emakumeengan gizonengan baino. «Asko dira gaixotasun honekin bizi beharrean izaten direnak», nabarmendu zuen ADEMGIko kideak. Hernanin bertan, adibidez, hogei pertsonek dute esklerosi anizkoitza.
AEKrekin elkarlanean
Irailean egingo den Pirritx eta Porrotxen «Eskerrik asko» ekitaldia antolatzeko lanetan murgilduta dabil AEK ere. Datorren ikasturterako matrikulazio kanpainaren baitan, Pirritx eta Porrotx pailazoekin emanaldia egiteko asmoa zuten irailean bertan AEK-ko kideek. Horrenbestez, bi asmoek bat egiten zutela ikusita, elkarlanean prestatu dute ekimena. Ekitaldiaren ondoren, iluntzeko zazpietan, txokolatada eskainiko dute AEK-ko kideek Atsegindegin; bertan, «jendeari euskaltegiko ateak zabalik daudela gogorarazi nahi diogu eta euskara ikastera animatu nahi ditugu». Porrotx pailazoak ere ikuskizunera joateko gonbita luzatu zuen atzoko agerraldian. Era berean, euskara ikasteko deia egin zuen, «euskara delako gure herriaren bihotza».
«Eskerrik asko»
Pirritx eta Porrotxek hilabeteak daramatzate minbizia duten haurrekin lanean. Oraingoan, Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteari eman nahi izan diote laguntza. Porrotxek adierazi zuenez, «oso gustura gaude ADEMGIrekin saioa egiteaz». Pailazoak duela hogei urte hasi ziren lanean euskara eta alaitasuna lotuz. Urteak joan ahala, ordea, «euskarari eta alaitasunari balore hezitzaileak gehitu dizkiogu», nabarmendu zuen Porrotxek.
Aurten, «Eskerrik asko» lana zabalduko dute herriz herri Pirritx eta Porrotxek. Pailazoak agertu zuenez, «urtero joaten gara ospitalera, gaixorik dauden haurrekin egotera». Beren lanarekin, «haurrengandik jaso dugun indarragatik eta ikasi dugun guztiagatik eskerrak eman nahi ditugu». Haurren gaixotasunen gaia era «sinple baina irekian» landu nahi izan dute. Lanaren azalean agertzen den haurra, «ez da gaixo bat, baizik eta, gaixorik dagoen pirata bat, bere ilusio eta bizitzeko gogoarekin», esan zuen Porrotxek. Gaitzari aurre egiteko kimioterapiaren ondorioz ilea erori zitzaion haurrari, eta, zapia buruan, itsasontzi bihurtu zuen bere ohea.
Pirritx eta Porrotxen emanaldian biltzen den dirua ADEMGI elkartearen Gipuzkoako 300 bazkideei eskaintzen zaien birgaitze zerbitzua finkatzeko erabiliko da.
AEK-k irailean Pirritx eta Porrotxen emanaldia antolatzeko zuen asmoak ADEMGIren asmoarekin bat egiten zuenez, elkarlanean prestatu dute ekitaldia.