Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Kazetaritza
Ardatz biren artean mugitzen da kazetaritza: batetik, botere ekonomikoak fagozitatutako interes politikoen defentsa eta, bestetik, komunikabide horietara ahalik eta jende gehien erakartzeko morboaren eta bestelako bide ilunen erabilpena
Laugarren boterea deitu izan zaie hedabideei. Ez da guztiz zuzena, ordea, txikitatik irakatsi dizkiguten hiru botereak aspalditik bat eta bakarra direla ohartarazi beharra dago-eta: exekutiboa, legegilea eta judiziala botere ekonomiko hutsean biltzen dira. Eta komunikabideak, zer esanik ez, botere horretara gehitutako tresna bihurtua dira, horrek dauzkan alderdi eta bertsio guztietan, akaso jaiotzetik, Julio Cesarrek «Acta Diurna» hura foroan kokatu zuenetik.
Hala ere, uler nezake zergatik jotzen duten gaur egunean ere hainbat gaztek Unibertsitatera Kazetaritza ikasketak burutzera. Kazetaritza aureola erromantikoz inguratuta azaltzen da imajinario kolektiboan: hedabideak gauza serio, zorrotz eta pluralak ei dira; egia argira ateratzen duten eta horretan bizia ematera iristen diren kazetarien gaineko filmak ez dira falta; egunero erabiltzen du ahoan baten batek kazetaritzaren deontologia eta etika, nahiz eta horrek zer esan nahi duen oso ondo jakin ez; lau haizetara zabaldu baino zabalduago dago hedabideen balizko independentzia... Baina denok dakigu, benetan, errealitatea oso ezberdina dela.
Horrela, ardatz biren artean mugitzen da kazetaritza: batetik, botere ekonomikoak fagozitatutako interes politikoen defentsa eta, bestetik, komunikabide horietara ahalik eta jende gehien erakartzeko morboaren eta bestelako bide ilunen erabilpena. Eta, bien bitartean, unibertsitateetatik irtendako kazetariek, bekadun estatus tristea laga nahi izanez gero, edozer tragatzera kondenaturik ikusten dute euren burua.
Hedabideek, oro har, ez dute profesional handirik behar, baizik eta agindutako irizpide guztiak protesta barik beteko dituzten peoiak. Gerra korrespontsalak, esaterako, hoteletatik egiten dituzte konexioak, hori nahikoa baita onen eta gaiztoen arteko marrak margotzeko; botereak erabaki duen marra, jakina. Gainera, hain dago sartuta sistema hau denen buruetan, ezen seguru nago gehienetan inkontzienteki egiten den gauza dela. Kontzientzia hartzen duenik balego, ez luke aukerarik izango albistea guri helarazteko. Ziur.
Baina, lehen esan legez, hedabide deitutako horiek, azken batez enpresa handiak direnak, ahalik eta jende gehien erakartzeko lehian murgilduta daude. Informazio eskubidea delakoa muga guztiak gainditzeko aitzaki hutsa bihurtu da. «Cuore» kazetarien estiloa gero eta zabalduago dago beste esparru guztietara, informazio hutsa dena jendearen intimitatearekin batere lotsa barik nahasten.
Mina, sufrimendua, oinazea pertsonaren gauza intimoak dira; norberarenak dira, konpartitu nahi direnekin bakarrik konpartitzen direnak. Inork ez dauka eskubiderik kamera hartu eta familiaren galerak dakarren atsekabe beltza edozeinen etxera sartzeko. Inork ez dauka eskubiderik, telebistako programa batean lan egin arren eta lau urteko karrera ziztrina edukiagatik, morboaren bila ibiltzeko. Aste honetakoa lako ezbeharrak desgrazia handiak dira, baina andre baten zorabioan irten ezinik dauden malkoak grabatzeko kotxe baten barrura sartzea, hurrengo egunean hegaldi berberera sartzea, familiarren autobusen etorrerari gau erdian itxarotea... Horrek guztiak ikuslegoa benetan handitzen badu, nik neuk ez dut ikuslego horren partaide izan nahi.