GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Igor Artieda, Ander Goikoetxea eta Jon Bastarrika Askapenako brigadistak

Euskal Herria-Uruguai: Filtroko sarraskitik 14 urtera

Abuztuaren 24 hartaz geroztik, Uruguaiko eta Euskal Herriko borrokalarien arteko elkartasuna Roberto Facal eta Fernando Morroniren odolarekin sinatuta geratu zen

Espainiako Gobernuak 1992an Uruguain bizi ziren hainbat euskal herritarren estradizioa eskatu zion bertako gobernuari. La Trainera jatetxean hasi zen polizia operazioaren ondorioz, 30etik gora euskal herritar atxilotu zituzten (tartean adin txikiko gaztetxoak). Horietako hamarrentzat estradizio eskaera egin zuen garaiko Espainiako Gobernuak. Bi urteko prozesuaren ondoren, Manueltxo Goitia, Mikel Ibañez eta Luis Mari Lizarralderen estradizioa onartu zuten Uruguaiko epaitegiek. Hiru iheslari politikoak gose greban jarri ziren 1994ko abuztuan, estradizioa gauzatzear zela.

Elkartasuna nagusi izan zen Montevideon bi urte horietan, eta azken egunetan, gose grebalariak Poliziaren egoitza nagusitik Filtroko ospitalera eraman zituztenetik, gau eta egun egon zen jendea ospitalearen kanpoaldean, protesta baketsuan. CX36 eta CX44 irratietatik etengabe ari ziren jendea parte hartzera deitzen. PIT-CNT federazio sindikalak ere grebarako deia egin zuen.

Mobilizazio horiek ulertzeko, Uruguaiko diktaduraren garaira (1973-1987) begiratu beharra dago. Herritar ugarik ihes egin behar izan zuten Uruguaitik. Hamaika herritan eskuzabal hartu zituzten, asiloa emanez. Tratu berbera nahi zuten, beraz, Manueltxo, Mikel eta Luis Marirentzat. Beraien asilo eskubidea aldarrikatu zuten Filtroko inguruetan. Asilo eskubidea, hiru iheslari politikoak Euskal Herriaren zanpatzailea den Estatu espainolaren eskuetan utzita, beraien oinarrizko eskubideak ez zeudelako bermatuta. Alta, tortura arriskua handia zen. Manueltxo, Mikel eta Luis Mariren borrokarekin bat egin zuen Uruguaiko herriak ere. Euskal Herriaren askapen prozesuaren aldeko beraien borroka ulertu zuten Uruguain, eta hortik asilo eskubidearen aldarria.

Milaka lagun bildu ziren 1994ko abuztuaren 24an Filtroko inguruetan, 20.000tik gora; familia osoak, agureak, gazteak... Baina euskal iheslari politikoak Espainiaratuko zituen hegazkina Carrasco aireportuan zegoen eta, nola edo hala, hango jendetza sakabanatzeko asmoa zuen Uruguaiko Gobernuak. Arratsalde partean hasi zen Poliziaren erasoa: zaldi gaineko poliziek jendea sakabanatu zuten, baina, ihesean, Poliziarekin topo egin zuten manifestariek. Hau da, enboskada bat prestatu zuen Poliziak. Jendea ez atzera ez aurrera zegoela, Polizia tiroka hasi zen. Fernando Morronik bi tiro jaso zituen eta bertan zerraldo geratu zen. Beste hainbat pertsona ere balaz zauritu zituzten. Bitartean, euskal iheslari politikoak aireportura eraman zituzten. Ospitaleko langileek Uruguaiko ereserkiaz agurtu zituzten Manueltxo, Mikel eta Luis Mari. Gau osoan iraun zuten Poliziaren kargek. Gau horretan erail zuten Roberto Facal, hogeita bat labankada eman ondoren bere etxe barruan utzi zutena. Robertok beti aldean zeraman argazki kamera ez zen inoiz agertu.

Abuztuaren 24 hartaz geroztik, Uruguaiko eta Euskal Herriko borrokalarien arteko elkartasuna Roberto Facal eta Fernando Morroniren odolarekin sinatuta geratu zen. Hamalau urte pasatu direnean, sarraski haren erantzuleek, Rafael Vera, Felipe Gonzalez, Lacalle presidentea, Gianola Barne ministroa eta operazioaren buru ziren poliziek, ez dute egin zutenagatik ordaindu. Baina Uruguaiko herri borrokalariak ez du ahaztu egun hartan jasan zuen sarraski faxista.

Galdera ugari ditugu buruan, baina inork ez dizkigu erantzun oraindik. Nork diseinatu zuen errepresio hura? Zerikusirik al du espainiar estatuak sarraski hartan? Estradizioen trukean zer jaso zuen Uruguaiko Gobernuak? Egia al da ospitale eta osasun etxeetan abisua eman zuela Uruguaiko Gobernuak egun haietan gerta zitekeenerako presta zitezen? Protestan bildutako jendetza sakabanatzea bazuten helburutzat, zergatik inguratu zituzten Filtroko kaleak, jendea ihes egiteko aukerarik gabe utziz? Zergatik egin zuten tiro pistolaz? Nork egin zuen tiro? Nork agindu zuen tiro egiteko? Hildakoak eragitea zuten helburu?

Guk behintzat ez ditugu gertakari haiek ahaztuko. Memoria badugu eta justizia nahi dugu. Norma Morroni Fernandoren amak dioen bezala: «Hori bada nire semeek solidario izateagatik ordaindu behar duten prezioa, solidario izaten jarrai dezatela!».

Ikasgai handia daramagu etxera. Herrien arteko elkartasunean oinarritutako mundu batean sinesten dugu. Guk elkartasun horren eredutzat ditugu Roberto eta Fernando. Uruguaiko lagun batek argi esaten zigun: «Zuen garaipena gurea izango da eta gurea zuena». Eta guk garaipen hori zuei eskainiko dizuegu, Fernando eta Roberto, hori baita omenaldirik onena, garaipena! Bitartean, Montevideoko mural batek dioen moduan... ikusi arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo