Hamasei zuzendari berri Zabaltegin, Altadis sariaren bila
Hamasei errealizadore hasiberrik parte hartuko dute Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean. Batzuk Europakoak dira; beste batzuk aldiz, Asiakoak edo Ameriketakoak. Guztiek Altadis saria dute amets. Munduko sari garrantzitsuenetakoa da kategoria horretan.
GARA | DONOSTIA
Bi zuzendarik bigarren aldiz parte hartuko dute Altadis-Zuzendari Berriak lehiaketan: Gabriel Velazquezek, «Amateurs» obraren zuzendariak (2005eko Sail Ofizialen parte hartu zuen, «Sud Express» filmarekin); eta Fien Troch-ek «Unspoken» aurkeztuta (2005ean Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean lehiatu zen). Gainerako zuzendari guztiak berriak dira Zinemaldian.
Martin Carranza eta Victoria Galardi argentinarrek «Amorosa soledad» aurkeztuko dute. Filmean, senargaiak utzi duen emakume bat da protagonista.
Kevin Feng Ke txinatarrak «Ba Bai Bang» zuzendu du. Garrantzi handirik gabeko gaizkile bati egiteko latza jarri diote segurtasun handiko espetxe batean: heriotza zigorra ezarria dutelako hiltzearen zain dauden presoen azken borondateak grabatzea.
«Blood Brothers» da Arno Dierickx holandesak aurkeztuko duen filma. Hiru gaztek ezkutatzen dute Ronnie, polizia atzetik duen gaizkilea.
«Chicos normales» Daniel Hernandez espainiarraren lehen film luzea da. Tetuango auzo marjinaleko hiru gazteren etxeetan sartzen da. Madrilen 2004ko martxoaren 11n izandako atentatuan parte hartu zuten bost bertan jaiotakoak dira.
Andrea Martinez mexikarrak «Cosas insignificantes» aurkeztuko du. Esmeralda nerabeak obsesio arraroa du: galdutako trasteak ohepean duen kutxan gordetzen ditu. Kutxako hiru objekturen eta horien atzean dauden pertsonen istorioa da.
Kanadatik, «Derrière moi» iritsiko da, Rafaël Ouellet-ena. Bettyk luxuzko laguntzaile lana utzi egin nahi du eta, horretarako, Lea nerabe xaloari ziria sartuko dio, gupidarik gabe.
«Entre os dedos» da Tiago Guedesek eta Frederico Serrak aurkeztutako drama. Paulok lanpostua galdu du, obran izandako istripua salatu ostean.
Irandik, «The firm land» iritsiko da. Chapour Haghighat-ek zuzendu du. Gaixotasun larri batek astintzen duen herrixka batera iritsiko da marinel bat eta han gertatzen ari denaren lekuko bihurtuko da.
Cao Baoping txinatarrak «The Equation of Love and Death» aurkeztuko du. Heriotza misteriotsu baten ostean, bost ezezagunen bizitzak elkartu egingo dira ustekabean.
«Passion» da Ryusuke Hamaguchi japoniarraren filma. Ezkontza baten erdian, senargaiak iraganean affaire bat izan zuela jakingo dute gonbidatuek.
Miika Soini finlandiarrak «Thomas» aurkeztuko du. Errukiari buruzko filma da.
Santiago Zannouren «El truco del manco» lanak Enrique Heredia «El Cuajo»ren istorioa azaltzen du. Ijito ez izan arren, ijito itxurako gizon saiatua da bera.
«Frozen River» Courtney Huntek zuzendu du. Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du Sundance jaialdian. Ray Eddy ametsetako etxea erostear dago bere familia txikiarentzat. Bat-batean, bere senar apustuzaleak dirua hartu eta alde egingo du.
Belen Maciasek «El patio de mi cárcel» aurkeztuko du. Preso eta baztertuta dauden hainbat emakumeren istorioa da.
Altadis-Zuzendari Berriak atala Zinemaldiak talentu berrien alde egiten duen apustuaren ondorio da. Saria, 90.000 eurokoa, kategoria horretan ematen den munduko saririk garrantzitsuenetako bat da. Lehendabiziko edo bigarren filma aurkezten duten zuzendariei ematen zaie. Bi sailetako filmek eskura dezakete: batetik, Zabaltegi-Zuzendari Berriak atalean aurkeztutakoek eta, bestetik, Sail Ofizia- leko filmek, baldin eta zuzendariaren lehendabiziko edo bigarren lana bada (aurtengo edizioan bi lan izango dira).