Marlaskaren eta Ertzaintzaren jokaera, Bilboko manifestariek salatzen zutenaren erakusgarri
Atzo Bilboko kaleetara bildutako milaka lagunek «alternatiba guztiak, independentzia barne», bilduko dituen markoa eskatu zuten. Eskaera demokratikoa, inondik inora, eta egin beharrekoa, indarrean dagoen markoak aukera batzuk galarazi eta horiek aldarrikatzen dituztenak zigortu egiten baititu. Ugari dira horren adibideak, azkena, atzo bertan gertatutakoa, manifestatzaileek salatu zuten askatasun zibil eta demokratikoen gabeziaren erakusgarri. Auzitegi Nazional espainoleko epailearen agindua eta Ertzaintzaren jokaera ikusita, ezin saihestuzkoa da honako galdera hau: zergatik eskubide guztien jabe izan behar luketen milaka herritarrek, talde politiko jakin batzuetan parte hartu badute ere, ezin dute jendaurrean hitz egin? Estatu espainolak bermatzen omen dituen gizabanakoaren eskubideak errespetatzeko modu bitxia. Epaile batek hainbat herritar elkartutakoan nork hitz egin dezakeen eta nork ez erabakitzea, eta, txintik esan gabe herritar horiena omen den gobernuak epailearen agindua betetzeko Polizia bidaltzea, ez dira Zuzenbide estatu bati dagozkion jokaerak. Horri sorgin-ehiza esaten zaio, eta praktika hori sekula ez da izan agintari demokratikoena.