GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Donostia Hiria Torneoa

Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruiz garaipenaren bidera itzuli dira irudi ona emanda

Nagusitasunez menderatu zituzten Xala eta Pascual final-laurdenetan

OINATZ-PATXI RUIZ 22

XALA-PASCUAL 13

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Bazen garaia. Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek erakustaldi bikaina eman zuten Donostiako Atano III.a pilotalekuan eta bertako torneoaren finalerdietarako sailkatu ziren Xala eta Pascual nagusitasunez mendean hartuta. Emaitza adierazgarria da, 22-13, eta Asegarceko bi pilotariok euren benetako maila ematen ikustea, oso pozgarria.

Zarautzen erakutsi zuten, aurreko astean, apurka-apurka jokoa hartzen zebiltzala, baina emaitza ez zuten aldeko izan. Ostegun gauean, aldiz, aurkariak baino gehiago izan ziren partida erditik aurrera eta merezita lortu zuten garaipena.

«Partidak galtzen joan naiz, gero eta urduriago jartzen nintzen eta kate bat bihurtzen da. Baina apurka jokoa hartzen joan naiz eta espero dut maila ona ematea», adierazi zuen pozarren Leitzako aurrelariak.

Partidari dagokionez, tanto eder asko izan ziren. Xalak gehitxo galdu zuen, baina berak ere egin zituen jokaldi apartak, 11 eta 10eko bi-pareta, adibidez.

ERREMONTEA

Casino Kursaal txapelketak gaur ekingo dio Galarretan finalerdietako ligaxkari. Aurreneko partida Patxi Zeberio egungo txapeldunak eta Koteto Ezkurrak jokatuko dute (17.00, ETB-1). Zeberio II.ak azken bi urteetan txapela irabazi duen arren, dirua Ezkurraren alde irtengo da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo