ESKUBALOIA Gizonezkoen finalerdiak
Lo hartu eta finalik gabe gelditu dira Kroazia eta Espainia
Frantzia amaieran gailendu zitzaien kroaziarrei, eta Islandia hasieratik nagusitu zen espainiarren aurka
ISLANDIA
Imanol SESMA | DONOSTIA
Finalerdietan Kroazia eta Espainia menderatu ostean, elkarren aurka jokatuko dute Frantzia eta Islandiak bihar Beijingo Jauregi Nazionalean ospatuko den gizonezkoen eskubaloiko finala (09.45ak Euskal Herrian). Atzo galtzaile izan zirenek, aldiz, zilarragatik borrokatu beharko dute leku eta egun berean (07.30).
Frantzia izan zen final handirako txartela lortzen lehena. Partida oso orekatua izan zen, baina azken zortzi minutuetan kroaziarrek ez zuten erasoan asmatu eta, azkenean, 25-23 galdu zuten. Jokoetako lehen partidan lesionatu zen Ivano Balic berreskuratuta, pronostiko guztiak hautsi eta bere irudia nabarmen hobetu zuen dalmaziar kostaldeko taldeak. Baina, partida amaieran, sekulako jokaldiak burutu eta askoz gehiago izan ziren frantziarrak; Cedric Burdet, Daniel Narcisse eta Nikola Karabatic jokalarien gaitasuna agerian geratu zen minutu horietan. Aldiz, Kroazia oso gaizki aritu zen erasoan minutu erabakigarrietan. Gainera, Blazenko Lackovic eskuin hegalak kalte nabarmena egin zion atzokoan bere taldeari, bederatzi metrotatik egindako sei jaurtiketa huts egin baitzituen.
Espainia berandu esnatu zen
Txapelketa osoan zehar ahultasun zeinuak erakutsi dituen Espainiak, garesti ordaindu zuen atzo eginiko partida hasiera kaxkarra. Horrenbestez, Atlanta eta Sydneyko Jokoetan lortutako brontzeagatik borrokatzea besterik ez zaio geratzen jada.
Islandiak berehala hasi zuen atzo bere gol festa. Hala, Espainiak egindako defentsako lan eskasa eta erasoan agertutako ezintasuna lagun, lau minutu nahikoak izan zituen markagailuan 5-0 aurreratzeko. Gertatzen ari zena ikusita, Espainiako entrenatzaileak etenaldia eskatu behar izan zuen. Hala ere, iristen ziren bakoitzean gola lortzen jarraitu zuten islandiarrek; aldiz, kanporatzeak alde zituenean besterik ez zen gerturatzen markagailuan Espainia. Egoera hori hiru aldiz eman zela baliatuta, 8-7ko emaitzara gerturatu ziren espainolak.
Kontraerasoan, ordea, eskandinaviarrek oso errez lortzen zituzten golak. Gainera, Pall Gustavsson atezaina bikain ari zen. Hala ere, atsedenaldirako lau minutu falta zirela, Carlos Prietok 13-13koa ezarri zuen markagailuan. Espainiarren erreakzioa, aldiz, ez zen gauzatu eta lehen zatia 17-15eko markagailuarekin amaitu zen.
Iberiarrek hobera egin zuten 5-1eko defentsarekin, baina atzokoa ez zen beren eguna eta, 50. minutuan, 30-25ekoa zen markagailua. Hori gutxi balitz, hiru aldiz kanporatutako Prieto galdu zuten. Amaieran, 36-30 galdu zuen Espaianiak. Horrenbestez, atzo askoz hobea izan zen Islandiak jokatuko du finala.