Eraso sexistak jaietan
Bilbon neska bati egindako erasoa irmo salatu dute
Hamabost urteko neska bati eraso egin zioten bi lagunek atzo goizaldean Bilboko kaleetan. Gertatutakoa gogor salatu zuten konpartsek, emakume taldeek eta Udaleko agintariek. Aste honetan ezagututako bigarren bortxaketa kasua da.
GARA | BILBO
Eguna ilun hasi zen atzo Bilbon, goizaldean hirian neska gazte batek jasandako sexu erasoaren albistea ekarri baitzuen jaietako egun handiak. Ertzaintzak aditzera eman zuenez, 15 urteko gaztea Estrauntza kaletik zihoan, Indautxu auzoan, bi gazte hurbildu, eta eraso egin ziotenean. Sexu erasoaren ostean ingurutik korrika alde egin zuten biek. Basurtoko erietxera eraman behar izan zuten neska bertan aztertzeko, eta alta eman zioten geroago.
Atzokoa aste honetan ezagutzera eman den bigarren bortxaketa kasua izan da; izan ere, Gasteizen beste emakume bat bortxatu zuten 24 eta 28 urteko bi gizonek, pasa den astelehen gauean.
Gainera, Aste Nagusian zehar, beste neska batek zauriak izan zituen gizon batek jo ostean. Neskak, antza, gizon horri kargu hartu zion zeukan jarreragatik, beste emakume bati haren gogoaren kontra ukituak egiten ari zelako. Atxilotuak botila batekin jo zuen buruan, eta sorbaldan zauritu.
Uda honetan jaietan erasoak izan dira batean zein bestean, Barañainen, Villabonan eta Irunen, kasu. Bereziki bortitza izan zen Nagore Lafaggeren kasua, Iruñeko sanferminetan. Irungo gaztea hilotz aurkitu zuten Orondritz herrian. Atxilotu zutenean epailearen aurrean onartu zuen Jose Diego Yllanes 27 urteko iruindarrak neska berak hil zuela.
Jaietan emakumeek jasaten dituzten erasoak, urtea joan eta urtea etorri, beti gertatzen dira, emakume taldeek denbora daramate gertaerok salatzen eta behin betikoz neurriak har daitezen eskatzen. Zehazki, Bilgune Feministak urtero jartzen du abian kanpaina berezi bat jai parekideak bultzatzeko. Emakumeen aurkako erasoak ekiditeko prebentzioan eta salaketan egiten dute indarra, «gune ilunak» identifikatu eta erasotzaileen aurkako «mezu tinkoak» aldarrikatuz.
«Herritarrei deia»
Atzo Bilbon gertatu zen erasoaren gaineko gaitzespenak berehala iritsi ziren batetik eta bestetik. Bilboko konpartsetako kideak berria jakin bezain laster bildu ziren eta gertaera salatzeaz gain, gaurko elkarretaratzeko deia egitea adostu zuten. Arratsaldeko 17.30ean izango da, Arriaga plazan.
Euskal Herriko Mundu Martxarako Arabako plataformak ere oharra kaleratu zuen Gasteizen eta Bilbon gertatutako erasoak salatzeko. Aldi berean, gisa honetako gertaerak eragozteko neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu zuten. «Erakundeei dei egiten diegu sentsibilizazio eta estruktura aldaketa ekarriko duten kanpainak abian jartzeko, modu horretan gizarte patriarkal horrek sortu eta onartzen dituen jarrera matxistak eragozteko». Euren elkartasuna adierazi zieten erasoak jasan dituzten emakumeei eta herritarrei halako jarrerak, edozein egoeratan ere, ez ditzatela onar galdegin ziten.
Bilboko Udalak ere erasoa gogor salatu zuen. Udaleko Emakume eta Garapenerako Kooperazio Saileko zinegotzi Nekane Alonsok, gogor eta «aringarririk» gabe gaitzetsi zuen goizaldeko gertaera, eta «ez luketela gertatu behar» adierazi zuen.
Bilboko EBk, bere aldetik, bere «gaitzespena eta haserrea» agertu zituen. «Beharrezkoa da salatzea eta emakumeen aurkako edozein indarkeria motaren aurrean gure konpromisoa agertzea», nabarmendu zuen.
Ustezko erasotzaileen inguruan, Ertzaintzak jakinarazi zuen bi lagun atxilotu zituela atzo goizaldean. Hala ere, erasoa jasandako neskak ez zituen horiek identifikatu bere erasotzaile gisa eta, beraz, aske geratu ziren. Ertzaintza ikerketak egiten dabil orain erasotzaileak identifikatu eta atxilotzeko.
Bilboko konpartsetako kideek bilera egin zuten atzo eta gertaera salatzeko elkarretaratzea iragarri dute gaur arratsaldeko 17.30ean Arriaga plazan.