GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hogei urteren buruan «herria biziaraziz» segitzen du Itsasuko gaztetxeak

Aurten Itsasuko gaztetxeak hogei urte beteko ditu urrian, Gasteiz eta Donibane Lohizunekoak bezalaxe. Bart egun «handia» ospatu zuten, besta batekin, urtearen joanean bestelakoak ere egin dituzten arren.

Xabi HERNANDEZ |

Zorioneko urtea dela dirudi Euskal Herriko gazte eta gazteek sustatutako mugimendu alternatiboentzat, baita, Gasteizko gaztetxearekin gertatu bezala, okupazio eta autogestioarentzat ere. Zoriontzekoa bai, gutxienez; izan ere, 20 urte bete baitituzte bai Arabako hiriburukoak, bai Donibane Lohizunekoak eta bai Itsasukoak. Lehenengo bien ospakizun ekimenak igaroz joan diren neurrian, gazte itsasuarrek atzo izan zuten egun handia.

Urtea hasi denetik hainbat ekintza aurrera eraman dituzte Goxoki gaztetxearen inguruan biltzen direk gazteek; hala nola, kantu eta bertso afari bana, antzerki emankizunak, kontzertu zenbait eta mendigoizaletasunari buruzko ikastaro bat.

Hogei urte ez dira urtero betetzen, eta are gutxiago Euskal Herrian gaztetxe batek. Horregatik erabaki dute urtearen joanean antolatutako ekimen horiekin guztiekin Goxoki barruan den mugimenduak «merezi duen oihartzuna» izan dezan».

Nolanahi ere, atzoko gauarekin borobildu nahi izan zuten orain arte sortutakoa. Gazte asanbladako presidente den Aizane Chamberok esan zuenez, prestaketek «bere lana» hartu zuten, baina lan horren esfortzuak emanen zituen fruituak «ilusioz» espero zituztela adierazi zuen. «Dena biziki untsa pasako dela espero dugu, orain arte bezala, eginikoak merezi baitu», azaldu zuen.

Egitarau sendoa prestatu zuten, dena musikaren inguruan. Hiru talde, bi DJ eta kalean jo ohi duen beste talde bat orotara, bertako eta kanpokoen arteko konbinatua osatuz. Bartzelonatik Las Furias punk-rock taldea hurbildu zen, La fin de la société baionarrak eta Donibane Garazitik, aldiz, LDKO taldea ere gonbidatu zuten, besteak beste. Iruñetik eta egitarauari puntua eskaintzen Lehendakaris Muertos-ekoak ere jotzea nahi izan zuten. Horren ondoren, DJen txanda izan zen, gaua ixteko: Parisetik Amateur eta Tolosatik (Estatu frantsesa), berriz, Flush.

Elkarlana ardatz gisa

Gaztetxeen mugimendua diferentea da Bidasoaren bi aldeetan, batez ere oinarrizko zutabe ¯besteren artean, jakina¯ diren autogestioa eta okupazioari dagokienez. Ipar Euskal Herrian lokal batzuk ez dira okupatutakoak, baizik eta herriko etxeek edota jabe pribatuek utzitakoak. Horrez gain, zenbaitek dirulaguntzak ere jasotzen dituzte, biziki handiak izaten ez direnak.

Goxoki-ren kasuan orain hogei urte Itsasuko gazteek okupatutako lokala dela esan du Chamberok, eta dirulaguntzez gain, gaztetxe gehienen antzera autogestioa «funtzionatzeko oinarrizko bidea» dela aitortu du.

Atzera begira jartzean, balorazio «biziki positiboa» egiten du Chamberok, eta gaztetxeak «herria biziarazteko funtsezko elementu» direla irizten dio. «Gazteek mugiarazi behar dute herria eta kultura eta, horretan, elkarlana ezinbestekoa da, baita inguruko gaztetxeekin ere», gehitzen du. Chamberoren ustez, gaztetxea elkartzeko lekua da, elkartrukatzeko, elkarrekin lan egiteko elkarrekin lan egiteko eta, behar delarik, bestarako ere bai». Orain, «motibazioz» beteta, urriaren 18ra arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo