GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Uholdeek triskantza eta elkartasuna ekarri zituzten gaur dela 25urte

Bi egun, abuztuaren 26a eta 27a, milaka metro kubiko euri, 41 hildako, galera kontaezinak... 1983ko abuztuaren amaieran Euskal Herriko makina bat herri urak hartuta esnatu ziren. Hondamendiarekin batera itzartu zen elkartasun eta laguntza olatu paregabea. Hala, 25 urte betetzen diren honetan GARAk orduko protagonista hainbatekin gogoratu nahi izan ditu egun haiek.

P016_F01.jpg

Maider EIZMENDI

Hogeita bost urte igaro dira, ahazteko adina denbora, baina egun haiek bizitzea tokatu zitzaienek nekez ahantziko dute 1983ko abuztuaren hondarretan gertatutakoa. Erruz egin zuen euria aurreko egunetan, baina abuztuaren 26an mardul hasi zuen botatzen eta ez zuen etenik izan ahalik eta Euskal Herriko hainbat bazter txikitu arte.

Oria ibaiaren ibarrean, Tolosa izan zen kaltetutako herrietako bat. Jaime Garcesek hamalau urte zituen orduan eta ondo gogoan ditu urak gora eta gora egiten zuen bitartean bizi izan zituzten uneak. Familiak altzari denda bat zuen Rondilla kalean. «Goizeko lauretan esnatu ninduten gurasoek eta ordurako hamar bat zentimetroko errekatxoa zetorren kalean behera; gure denda altuxeago zegoen, eta, beraz, artean ez zegoen arazorik, baina senitarteko batzuenera jada sartua zen ura», gogora ekarri du. Hango trasteak txukundu zituztenerako, baina, urak gora egin zuen nabarmen, eta beren denda babesten saiatu ziren orduan. «Erakusleihoan zeuden altzariak desmuntatu genituen azkar, eta atzealdean altuago dagoen biltegira eraman genituen». Ikasia zuten; izan ere, 1950eko hamarkadan izan ziren uholdeetan ura igo eta eskaparatean zeuden altzariak «igerian geratu ziren erakusleihoko kristalari kolpeka».

Goiz osoa eman zuten lan horretan eta eguerdian gerriraino ere iristen zitzaien ura. «Kaletik pasatzen ziren kotxeak, hozkailuak, zuhaitzak...». Ibiltzea nekeza zela azaldu du, eta arriskutsua ere bai. «Kaleko estoldak altxatu ziren eta zuloan hanka sartzeko arriskua zegoen, bateren batek mina ere hartu zuen...». Egun horretako larritasunen ostean, ondorengo egunetako lana gehitu zen. «Garbitzen zegoen lan handia eta egunak eman genituen guztiok auzolanean inguruak garbitzen. Nik egun haien oroitzapen ona daukat, triskantza eragin zuten uholdeek, baina elkartasun egun gisa gogoratzen ditut».

Oraindik ere ajeak jota daude Bilboko konpartsetako kideak bederatzi egunez jaietan egon ostean. Abuztuaren 26 eta 27 hartan ere jai giroan zebiltzan bilbotarrak bat-batean urak hartu zituenean. «Aurreko egunetan euria atertu gabe bota zuen eta gure artean aipatzen aritu ginen zer nolako kaltea egiten ari zitzaion jaiari, baina gure buruetatik ez zen pasatu ere egin gisa horretako hondamendia etorriko zenik», gogora ekarri du Leo Bilbaok, Txomin Barullo konpartsako kideak.

Ibaiaren abiadurak larrituta

Komunikabideak marea goraren arriskuaz ohartarazten hastean hasi ziren larritzen konpartsetako kideak. Badaezpada, baliorik zuten trasteak babesten hasi ziren metro eta erdiko apal batzuetara igoz eta musika ekipoa eta edari garestiak Barrenkalen duten tabernara eraman zituzten. Nerbioi ibaiaren abiadura minutuz minutu handiagoa zen eta zakar mordoa zekarren. «Horrek alertan jarri gintuen eta orduan hasi ginen pentsatzen euriak behar baino kalte gehiago egin zezakeela». Umoreak, baina, ez zien orduan ere hutsik egin. «Gogoan dut gure konpartsako kideak barrezka aritu zirela, eta kantari letrak aldatu zizkietela euriak mugituko ez zituela-eta... esanez».

Mareak gora egin zuenean lehertu zen hondamendia Bizkaiko hiriburuan, beste hainbat herri eta guneetan bezalaxe. «Hiru metro eta 40 zentimetroko altuera hartu zuen errekak, izugarrizko txikizioa eragin zuen».

Biharamunean, gogoan du Leok, etxetik ere ezin zuen irten. «Nire konpartsako kideak ahalegindu ziren txosnara bertaratzen baina ezin izan zuten, lokatz handia zegoen eta batetik bestera mugitzea ezinezkoa zen».

Leo Bilbaok oroitzen du Bilboko kaleetan ikusitako panorama, baina buruan gordeago du ondorengo egunetan milaka lagunek egindako lana. «Konturatu ginen ez zela kaltea konparsentzat, hondamendia Bilbo Zaharrean negozioa zuten pertsona guztientzat zela».

Bere negozioa erabat kaltetuta ikusi zuenetako bat da La Bacalada dendako Angel. Ondo gogoan ditu abuztuaren 27ko eguna baita aurreko gaua ere. «Ez genuen halako txikiziorik espero, baina izan ziren trumoi eta tximistekin lo hartzeko modurik ez zegoen. Esna eta irratia entzuten pasa genuen gaua».

«Hura ez gogoratzea hobe»

Hura gogoratzeko gogo handirik ez duela esan du, eta, hala ere, ezinezko zaio orduan ikusi eta bizitakoak burutik kentzea. «Urak denda guztia hartu zigun, sabairaino iritsi zen, pentsa nola geratu zen guztia». Gainera, agintariek neurri zorrotzak ezarri zituzten gaixotasunak zabal ez zitezen eta urak ukitu zuen jaki guztiak erretzeko agindua zegoen, «normala den moduan». Eurek beren denda osoa hustu zuten, baina aldameneko taberna batean gertatutakoa aipatu du Angelek, bereziki: «Urdaiazpikoak osorik bota zituzten erretzera. A zelako pena ematen zuen!». Ondorengo egunetan eta denda askok zuten egoera penagarriarekin lapurretak ere ugaritu zirela aipatu du, «beti izaten da egoerari probetxu atera nahi dion norbait». Lehen egun haietan uraren eta ogiaren prezioak nabarmen egin zuten gora. Hala, egun batzuk lehenago hogei pezetetan saltzen zuten ur botila berrogeita bost pezeta inguruan saltzekoa zen uholdeen biharamunean.

Gauza txarrak ahaztu egin behar direla eta gisa horretako hondamendirik ez dadila berriz ere etorri eskatzea besterik ez dela geratzen nabarmentzen du. «Denda askoren jabeak lur jota geratu ginen. Galerak izugarriak izan ziren, baina aurrera egin dugu urteen poderioz».

Hamar eta hamabi orduko lan saioak

Txomin Barullo konpartsako Leo Bilbaok adierazi duenez, ahoz ahoko deialdia eginda erabaki zuten konpartsetako kideek txandak egin behar zirela hura guztia garbitu eta txukundu ahal izateko. «Taldeak osatu eta hondakinak baztertzen saiatu ginen, baina kale bat garbitzean bestea zikintzen zen... ezin genuen egoera kontrolatu». Egunean hamar edo hamabi orduko lan saioak egiten zituzten.

Garbiketarako trasteak ere gutxi. «Pala batekin aritzen ginen txandaka, lokatza ateratzen hogei bat minutuz aritzen zen bata eta ondoren bestea pala berarekin. Hirugarren egunean edo iritsi zen kamioikada pala». Gainera, mila pertsona inguru bertaratu ziren batetik eta bestetik hiriburuko garbiketa lanetan laguntzeko eta taldeak antolatzen lan handia zegoen. «Konpartsek horretan lan handia egin genuen, jaien antolaketan asko ikasi genuen eta eskarmentua genuen».

Egun ilunak izan ziren Bilbo zein Euskal Herriko makina bat herrirentzat, baina Bilbaok hondamendiaren egun haietan izandako elkartasunean erreparatu nahi izan du: «Konpartsetako lana itzela izan zen eta jende guztiaren ahalegina guztiz aipagarria izan zen. Hunkigarria izan zen jendeak zer nolako indarraz eta baikortasunez lan egiten zuen ikustea, hori ez dut sekula ahaztuko».

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo