Arantzazu, oteizaren eskulturen eta laguntasun harremanen «Santutegi»
Arantzazuren gorputza jantzi eta arima espiritualitatez margotu zuen Jorge Oteizak, eta eskulturetatik harantzago, hainbat fruitu eman duen harremanen «santutegi» bilakatu zuen Oñatiko eremua, bere bizitzako gune gorenaren oinarriak ezarri zituelarik.
Odeia AIESTARAN
Hasieran ilusioa, ondoren dezepzioa, geroago etsipena, haserrea eta bukaeran askapena; hogei urteren buruan Arantzazuko santutegiari lotutako sentimendu horiek guztiak izan omen zituen Jorge Oteizak. Bien artean 1950ean hasi zen harreman oparoak ez du amaierarik ezagutu eta hori bertatik bertara ezagutzeko Santutegian bisita gidatuak antolatu dituzte. Oriotarraren bizitza Santutegiaren historiari lotuta egon da eta horren lehen adibidea eraikin nagusian bertan aurki daiteke. Baina laguntasun hori harago ere bazihoan, eskultura bide nagusi izanik, Arantzazuk ere Oteizagan aurkitu baitzuen armoniarik.
Ibilbide arkitektonikoa
Santutegiarekin izan zuen lehen hartu-emana arteari zor zaio, aurrealdea hornitzea eskatu baitzioten eraikineko arkitekto izan ziren Saenz de Oiza eta Luis Laorgak.
Hori horrela, eskultorearen lanaren ispilu den Arantzazuko aurrealdearekin egingo du topo bisitariak, nahigabean Oteizaren obra eta bizitza ulertzeko aukera eskaintzen duena. Artistaren hasierako garaian kokatzen gaituzte obrek; irudia mantendu eta espresionismoa ardatz duen garaian, hain zuzen ere. Orduan, gorputz eta arimaren artean du berak auzia, materia eta espiritualitatearen artean. Horregatik gizakia hustu egingo du eta horren adibide dira berrogeita hamar urte baino gehiagotan hainbeste eztabaida sortu duen «Apostoluen frisoa» obra eta espresioz beteriko «Pietatea».
Lehenaren aurrean hainbat galdera sortuko zaizkio bertaratutakoari eta eskultorearen izaerarekin bat egiteko, espero ez dituen erantzunak ere jasoko ditu. Irudi klasikoenetan apostoluak hamabi badira ere, Arantzazuko horma espiritualitatez betetzen dutenak hamalau dira.
Hainbeste buruhauste eman zizkion kopurua obraren ezaugarrietako bat bada ere, sentsazioek gerturatzen gaituzte eskulturaren benetako esanahira. Oteizak apostolutza guztia islatu nahi izan zuen eta alderdi erlijiosoa eta eskulturala uztartuz bisitan hainbat ikuspegi barneratuko dira. Artistaren begietatik «Apostoluen ballet»aren aurrean geundeke, perfil eta formen joko bitxiarekin denak elkarloturik islatu baitzituen, perfilez begiratuta, ballet bat osatuko balute bezala. Gainera, Arantzazura hurbiltzen zen oro talde horren parte izatea nahi zuen Oteizak; apostolutzan islatuta egotea. Garairako, beraz, lan konplexua zen, arte tradizionaletik erabat urruntzen zena. Berdina esan dezakegu «Pietatea» irudiari buruz ere; Ama Birjinak Kristoa altzoan duen Pietatea bada ere ohikoena, Oteizak Ama Birjina gorantz begira jarri zuen, semea bere oinetan hilda dagoela Jainkoari kontuak eskatzen arituko balitz bezala. Goiko perspektibatik, berriz, Ama Birjina Jainkoari «entregatzen» ari dela dirudi, eta apostoluak zerura begira jartzen ditu; bien arteko armonia islatuz.
Lan aurrerakoiei berehala etorri zitzaien erantzuna: 1954an obra geratzeko agindua jaso zuen. Orduan etorri zen dezepzioa; ilusio handiz hasi zuena zapuztuta ikusi zuen Oteizak eta hamabost urte pasa eta ekinean hasteko baimenik ematen ez ziotela ikusirik, etsipenak hartu zuen oriotarra. Hainbeste desio zuen eguna ailegatu zen 1969an, baina jada haserreturik, hilabete batzuk behar izan zituen Arantzazura bueltatzea erabaki eta lana bukatzeko. Hala egin zuen eta urte hartako ekainean «Apostoluen Frisoa» ezarri zuen, urrian, berriz «Pietatea». Askatasuna sentitu zuen orduan, Kristori musu ematera igo omen zen eta aurretik izandako ezinegon guztiak ahazturik, zirrara horrekin betiko geratzen zela aitortu zuen.
Hartu- emanez betetako urteak
Eskulturek Oteizak Arantzazurekin izan duen harremanaren lehen oinazeak ezarri badituzte ere, bere izaerak ondoren fruitu asko eman dituen harremanen lekuko izateko aukera ematen dio bisitariari.
Arantzazun bizi ziren frantziskotarrekin moldatu zen eskultorea, hala nola Bitoriano Gandiaga bizkaitarrarekin. Olerkiak zituen bizimodu, eta bere lehen liburuak, «Elorri» (1962), arrakasta lortu bazuen ere, kritika batzuen ondoren, idazteari utzi zion. Oteizak bere obretan lanean zegoenean ezagutu zuen Gandiaga, eta honek olerkiei uko egin ziela jakitean, idatziak paper-saskira ez botatzeko «agindu» zion, Euskal Herrian idazle gutxi zegoela argudiatuz. Gandiagak, hala, bere bigarren liburua, «Hiru Gizon Bakarka» (1974), kaleratu zuen eta bere olerkietan etengabeko erreferentzia egin zion Oteizari. Bien arteko erlazioak Arantzazuri ere eman zion altxorrik, Gandiagak bertako kultur gune berrirako obra bat egiteko eskatu baitzion, «Misterio». Oteizak Arantzazun duen hirugarren lana, hain zuzen ere. Hasierako urteetan ezagutu zuen Arantzazuko arkitektoarekin, Saenz de Oizarekin ere adiskidetasun handia izan zuen eta Santutegiko pasarteaz harago iraun zuen, proiektu ezberdinetan biak elkarlanean aritu eta Oiza Altzuzan dagoen Oteiza Museoaren arkitektoa izatera ailegatzeraino.
Adiskidetasun eta obren artean, Jorge Oteizaren «santutegiak» omenaldi xume honen bitartez gogorarazi nahi du bere bizitzako hein handi bat Arantzazuri eman zion oriotarra.
Bisita gidatua:
«Oteiza eta Arantzazu».
Nondik: Arantzazuko santutegian, Debagoieneko Turismo Informazio eta Interpretazio zentrotik.
Noiz: Abuztuan eta irailean, 12:30ean.
Eskaera: 943 71 89 11