GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Martxel Toledo Garmendia ESAITeko kidea

Olinpiar Jokoak eta Jaurlaritzaren jokaera olinpikoa

Borondate politikoa eta determinazioa behar da, baina horretan Jaurlaritza eta Kirol Zuzendaritza hanka-motz ikusten ditut. BAT Basque Team marka komertzial gisa promozionatzeko determinazioa hartu dute, baina nazio ikuspegitik jokatuz selekzioaren ofizialtasuna lortze bidean, urrats BAT emateko determinaziorik, BATere ez

Olinpiar Jokoak direla-eta, azken aste hauetan ia mundu guztia Beijingera begira jarrita egon da. Telebistak, irratiak, egunkariak... munduko hedabide garrantzitsuenak jo ta su aritu dira Beijingen gertatzen zen guztia kontatzen, bitxikeriarik txikiena ere notizia bihurtzen. Eta ez da harritzekoa, finean, Olinpiar Jokoak lau urtez behin antolatzen diren goi-goi mailako kirol ikuskizun handia izateaz gain, batzuentzat negozio ekonomiko itzela ere badirelako. «Joko-bonbardaketaren» eraginez edo, guztiok izan dugu aitzakiaren bat hauei arreta jartzeko. Batzuek kirola bizi eta bereziki goi mailako lehiaketa gustukoa dutelako, beste batzuek, berriz, bertan lehiatzen aritu den horietakoren bat laguna, ezaguna edo besterik gabe gustukoa dutelako. Beste askok eta askok, ordea, agian gehientsuenek, horrelako lehiaketak bere aberri sentimenduak bultzatuta jarraitzen dituztela esango nuke, hau da, berena sentitzen duten nazio hori lehiaketan parte hartzen ari delako.

Ez dakit horrelako sentimenduak edo beste arrazoiren batek bultzatuta edo, Miren Azkarate anderea, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua Beijingen egon zen eta nola ez, ETBn azaldu zen Jokoetan Espainiarekin ari ziren euskal kirolari batzuei promesa erakargarri batzuk eginez eta, bide batez, besteak beste, guztion diruarekin Eusko Jaurlaritzak bultzatuta sortu berria duten marka ponpoxoaren (BAT Basque Team) promozioa egiten. Gainera, ez nago ziur Azkaratek Olinpiar Jokoetan Espainiarekin parte hartzen ari diren Nafarroa Garaiko kirolariei laguntza berdina eskaini ote dien edo Euskal Herrian egindako txapelketetan bezala, 16/2006 Legea aitzakia hartuta beste aldera begiratu ote duen, beraientzako ez direlako euskal herritarrak. Edo agian Jaurlaritzarentzat Beijingen badira euskal herritarrak eta Euskal Herrian ez.

Ez naiz ni izango BAT Basque Team proiektu honen bitartez edo beste moduren batera euskal kirolari batzuei emango dioten dirulaguntzaren aurka jarriko naizena. Ezta gutxiagorik ere. Besteak beste, kirolariek jaso dezaketen laguntza hori eta beste guztia, inoiz ez delako nahikoa izango bakoitzak kirol arloan dituen helburu guztiak betetzeko. Eta bereziki horregatik pozten naiz Leirek, Iker, Xabik, Samuk, Almudenak, Aranburuk, Ander... horiek guztiek Olinpiar Jokoetan lortutakoaz. Horrek ez du kentzen, Jaurlaritza eta bere Kirol Saila egiten ari dena bortizki kritikatzea, nire ustez ez delako zuzen jokatzen ari eta egiten ari dena, finean, itxurakeria baino ez baita.

Eusko Jaurlaritzak jakin badaki -ez dut uste Azkarate anderea eta berak zuzentzen duen taldea, besteak beste, Larrañaga eta Garai jauna horren motelak direnik- eramaten ari den kirol politika eramanda, zuzenean edo zeharka, Espainiako selekzioari laguntzen ari direla, goi mailako euskal kirolariei Olinpiadetan parte hartzeagatik edota Espainiako txapeldunak izateagatik dirulaguntza emateak hori ere bultzatzen duelako. Ez dugu ahaztu behar nazio gisa Euskal Herriari parte hartzen uzten ez dioten heinean, txapelketa hauetan euskal kirolarien emaitzak Espainiak eta bere selekzioak kapitalizatzen dituela. Beraz, Jaurlaritza, zeharka bada ere, Espainiaren mesedetan ari da. Eta hori bidezkoa ez izatearekin batera, lotsagarria ere bada. Funtsean, kirolariei emandako laguntzek ez dutelako konponduko nazioartean euskal selekzioak ofiziala izateko duen arazo politikoa. Eta horrek du lehentasuna. Horregatik, Jaurlaritzak bere indarrak eta guztion sosak horretan gastatu beharko lituzke. Eta ez bere burua zuritzen.

Nire ustez, Jaurlaritzak eta bere Kirol Sailak egun daraman kirol politika okerra eginez nekez lortuko da euskal selekzioaren ofizialtasuna. Hartu duen bideak porrotera garamatza. Etxean, EAEko federazioak, aipatutako 16/2006 Legea aplikatuz, txapelketa ofizialetan Nafarroako eta Iparraldeko euskal kirolariak baztertzeko determinazioa aspaldian hartua dute eta horrela ari dira aplikatzen. Ondorioz, Jaurlaritzarentzat bi klasetako euskal kirolariak daude: lehen mailakoak (EAEkoak) eta bigarrenekoak (Iparraldea edota Nafarroa Garaikoak). Hori, bazterketa bultzatzeaz gain, euskal kirolari bakoitzaren eskubideak urratzea ere bada.

Nazioartean, berriz, ez da inongo urratsik ematen eta horretarako borondate politikorik ere ez zaie sumatzen. Beraz, betiko egoeran aurkitzen gara. Bitartean, BAT Basque Team firmaren promozio itzela ari dira egiten beste batzuen laguntzarekin, horretako erabili behar duten diru kopuru handia hedabideetan gastatuz. Agian, 1997ko aurrekontuetan ESAITentzat onartutako diru partida ere promozio horretara bideratuko dute. Horrela bada, bejondeiela. Baina oker dabiltza, hori ez delako bidea. Bidea, nazio klabean aritzea da, nazio garelako. Etxean, Euskal Herriko kirolariak ordezkatuko dituen egitura nazionalak (Federazio Nazionalak) sortu behar dira, horrek nazio gisa lehiatzea ahalbideratuko digulako. Nazioartean, selekzioaren ofizialtasuna lortzeko eman behar diren urratsak eman behar dira, finean, Euskal Herria nazioa izanez, eskubide batzuk ditugulako eta horietako bat, nazioarteko txapelketetan ordezkaritza propioarekin aritzeko aukera izatea da. Horretarako lehenik eta behin, borondate politikoa eta determinazioa behar da, baina, horretan ere, Jaurlaritza eta Kirol Zuzendaritza, nahiko hanka-motz ikusten ditut. Agian, marka komertzial gisa BAT Basque Team promozionatzeko determinazioa bai hartu dutela, baina nazio klabean arituz selekzioaren ofizialtasuna lortze bidean, urrats BAT emateko determinaziorik, BATere ez. Eta horrela, ez goaz inora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo