Akaba Bera Bera
Luxenburgoko Txapeldunen Lehiaketa, donostiarrentzat
Olimpija Ljubljana gainditu zuten finalean eta Tati Garmendiarentzat izan zen jokalari onenaren saria. «Sika Cup'08» torneoan hartuko du parte Bera Berak
GARA | BASCHARAGE
Denboraldi aurrea inork uste baino hobeto hasi da Akaba Bera Berarentzat. Talde donostiarrak Luxenburgoko Bascharage hirian Txapeldunen nazioarteko Lehiaketan garaipena lortu zuen igande arratsaldeko finalean Olimpija Ljubljana talde esloveniarra 32 eta 21 gainditu ondoren. Lehiaketa honen mailaren adierazgarri bertan izan ziren taldeen izenak dira: Errumaniako Rulmentul Brasov -aurten Akaba Bera Bera Errekopatik kanporatu duen taldea-, Alemaniako Trier, Estatu frantseseko Besançon, Austriako Wien, Suitzako TV Uster, Femina Vise belgikarra eta torneoko antolatzaile Bascharage bera ere.
Merezita eraman zuten gipuzkoarrek txapelketa hau. Bi egunetan sei partida jokatu ondoren, bakarra galdu zuten, aurreneko fasean Esloveniako taldearen aurka, hain zuzen. Txapelketa etxeratzea ez ezik, jokalaririk onenaren saria ere ekarri zuen Reyes Carrereren taldeak, Tati Garmendiak lortu baitzuen aipatu garaikurra.
Defentsa eta kontraerasoa
Garaipenaren oinarria defentsako lan ona izan zen. Lan on horri esker baloi ugari berreskuratu zituzten Carrereren neskek, eta kontraeraso bizkorrei esker, gol «errazak» sartzeko aukera bilatu zuten gipuzkoarrek. Atsedenaldirako 15-12 aurretik ziren donostiarrak. Bigarren zatian, berriz, 8-0eko partziala lortuz, Akaba Bera Berak finala erabakita laga zuen. Azken hamar minutuetan lasaiago jokatu ahal izan zuen, gainera.
Egia esan, finalerako txartela lortzea gehiago kosta zitzaien gipuzkoarrei finala irabaztea bera baino. Alemaniako Trier taldeari, bapo kostata, 23-19 irabazi zion talde euskaldunak igande goizean. Aurreneko lerro oso indartsua dauka talde alemaniarrak eta, hala, hiru goleko desabantailari buelta eman behar izan zion Reyes Carrereren taldeak aurreneko zatian. Hala ere, atsedenaldira markagailua berdinduta irits zedila lortu zuten euskaldunek, 10-10. Bigarren zatian, defentsa lan askoz hobea eginda, eta atezain bien ezinbesteko laguntzarekin, markagailuan aurrea hartzea erdietsi zuten, eta, ondorioz, arratsaldeko finalerako txartela ere bai.
Akaba Bera Berak aurrera egingo du prestaketa lanean. Luxenburgoko torneoko arrakasta honen ondoren -nahiz eta Tervel, Lacrabere, Esme Lopez eta Libe Altunaren bajak izan- abuztuaren 29, 30 eta 31n Alemaniako Bad Urach herrian jokatzekoa den «Sika Cup '08» torneo entzutetsuan lehiatuko dira. Bertan parte hartuko duten taldeak ez dira badaezpadakoak izango: Akaba Bera Beraz gain, Kometal (Mazedonia), Hypobank (Austria), Zvezda (Errusia), Brasov (Errumania), Byassen (Norvegia) eta Alemaniako Goppingen eta Bayer Leverkusen.