Preso palestinar gehiago ez egoteko berme bakarra gatazkaren erroak konpontzea da
Atzo Israelgo Estatuak Mahmud Abbas-i 200 preso politiko askatuz egindako «oparia» baliagarri izan liteke Mendebaldeko agintariek han egiten ari direnagatik -eta batez ere, egiten ari ez direnagatik- beren burua justifikatzeko, zalantzarik gabe. Baina, lagun eta senide presoak aske ikusteak eragindako hasierako poza alde batera utzita, atzokoa, epe ertainera, Abbas-entzat «goxoki garratza» bihur daiteke. Askok uste dutenaren aurka, halako neurriek nekez indartu dezakete Al-Fatah-ren posizio politikoa arabiarren eta israeldarren arteko gatazkaren konponbideari begira. Gehienez ere, negoziazio horiei aurre egin ahal izateko palestinarrek behar duten batasun gobernu baten ikuspuntua urruntzen duen heinean, israeldarren posizioa indartuko du. Annapolisen Bushek markatutako ibilbide-orriak ez baitu zerikusirik bake akordio justua eta egonkorra erdiesteko palestinarrek aurrera eraman behar duten estrategiarekin. Eta hori jakin badakite gatazka horretan parte hartzen duten agente guztiek. Nolanahi ere, israeldarrek eta estatubatuarrek hori ez onartzea ulertzekoa den bezalaxe, palestinar agintarietarik batzuk hori ez ikustea kezkagarria da.