GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Andoni Errazkin Beratzadi Hondarribia

R-publi-K (rehearsal)

Sarri, ulerkerak onak dira, baina sakon eta hobe daitezke. Idatzitakoa interesgarria da. Baina inork ez daki zure udalerria Frantziako Estatuaren Borzkarren Errepublikaren Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Baionako Arrondisamenduko komuna denetz edo Espainiako Estatuaren Bigarren Errestaurazioaren Euskal Autonomia Erkidegoko Gipuzkoako probintziako munizipioa denetz. Hala ere, egia da ezen frantziar herritar batzuk zure udalerria «Jetaria» jeter aditza bezala ahoskatzen dutela, eta ezen «Jetaria» jeta izena bezala ahoskatzen dutela. Hona hemen, beraz, ezberdintasun bakarra.

Baina badakit zergatikan ez zaren gaur egungo Baionako Arrondisamenduaren geografia politikoan ahokatuko litzatekeen antzinako Laburdiako Getariakoa. Erran nahi baita ezen Baionako Arrondisamenduko Getariako getariar hertzale batek ez lukeela inoiz ere «gora Errepublika» erranen. Izan ere, nahasgarria baita. Zer errepublikaz mintzatuko litzateke gure frantziar Administrazioaren baitako getariar hertzalea? Frantziako Errepublikari buruz, ala Nabarroako Errepublikari buruz?

Frantziako Estatuak Espainiako Estatuak bezala aspaldi hasi zuen bere Aro Errepublikarra. 1789an Frantzian eta 1808an Espainian. Harrez gero, alde batetikan, Frantziako Estatuak Lehen Errepublika, Lehen Errestaurazioa, Bigarren Errepublika, Bigarren Errestaurazioa, Hirugarren Errepublika eta Laugarren Errepublika atondu ditu, eta, bertze aldetikan, Espainiako Estatuak Lehen Errepublika, Lehen Errestaurazioa, eta Bigarren Errepublika atondu ditu. Hain da horrela ezen gaur egun bi Estatu inperialotako herritarrok Frantziako Estatuaren Borzkarren Errepublika eta Espainiako Estatuaren Bigarren Errestaurazioa pairatu behar ditugula.

Nire iritzia da ezen frantziar herritarrek eta espainiar herritarrek jakin behar izanen dutela nola atondu hurrenez hurren euren Estatuaren Seigarren Errepublika eta euren Estatuaren Hirugarren Errepublika. Alta, haatikan, aitzitikan, guri, nabar herritarroi, zer dagokigu atontzea? Bada, bistan da, Nabarroako Estatuaren Lehen Errepublika. Horrela soilikan ukan dezakegu geografia politiko soberanoa, eta bertan Getaria laburtarra eta Getaria gipuztarra. Herri bakoitzak bere historia du, eta egia da ezen gure nahia Aturrin eta Ebron dugun muga ezabatzea dela, baina horretarakotz lehenikan eta behin Bidasoakoa ezabatu nahi dugu. Getarietatikan goizeko arginabarra eta gaueko ilunabarra eder-ederrak baitira, erabatean argitsuak. Besarkada haundia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo