Laura Mintegi Idazlea
Bergizarteratzea da helburua
Esango nuke legea indarrean ipini dutenen helburua ez dela legea betetzea; helburua guztiz kontrakoa da. Jakin badakite zigortuak gizarteraturik daudela eta ez dutela behar berriz gizarteratzerik
Bi aldiz aipatzen da bergizarteratzea Espetxeetako Lege Organikoan. Lehenik agertzen da Atariko Tituluko lehenengo artikuluan, hau da, legeak idatzirik duen lehenengo esaldian: «Espetxe-instituzioen helbururik behinena (primordial) da zigorpedunak berrezitzea eta bergizarteratzea, bai eta presoak eta zigortuak atxikitzea eta jagotea».
Aurrerago, III. Tituluko 59. artikuluan, honela dio legeak, «espetxeko tratamenduaren funtsa da ekimenak burutzea helburu batekin, zigortuak berrezitzea eta gizartean bersartzea». Legearen arabera, beraz, zigorpean dauden pertsonak gizartetik aldendu dira (ez datoz bat gizartearen arauekin) eta barruan daude ohar daitezen (onean ala txarrean) gizartearen araupean bizi behar dutela, beste hiritarrak bizi diren arauen arabera, alegia.
Helburu behinena egiatan hori balitz, hau da, gizartean bersartzea balute helburu, orduan espetxeetako agintariek erraztuko lukete kontaktua kartzelatik kanpoko gizartearekin, hurbiltzeko asmotan.
Helburu horren arabera, ez ziratekeen mugatuko telefono deiak (astean bi dei, bost minutukoak), ez zatekeen neurtuko lagun bisitarien zerrenda (hamar lagun baino ez), eta zigorra beteko zuketen etxetik hurbilen dagoen kartzelan (ez 600-800-1.200 kilometrora).
Legeak dioena helburu izanez gero, orduan ez zen oztoporik jarriko informazioa jasotzeko, irakurtzeko, unibertsitatean ikasteko, espetxean lan egin ahal izateko, kirola burutzeko, moduluen artean komunikatzeko eta abar.
Baina legeari muzin egiten zaio lehenengo titulutik, lehenengo artikulutik hasita. Eta ez du ematen ahaztu zaienik legearen agindua. Kontua da bergizarteratzea ez dutela helburu, agian susmatzen dutelako preso batzuk inoiz ez direla egon gizartetik at. Antzematen dute ausente batzuk une oro daudela presente gizartean.
Berriki jaiak izan dira gure herrian eta, beste ekimen askoren artean, sokamuturra izan da. Herriko koadrilek giza-dorreak egiten zituzten makilaren inguruan bigantxa inguruan zebilkien artean. Dorrearen bosgarren mutila mastaren muturrera heltzen zenean, jendeak txalo egiten zuen, eta txaloak areagotzen ziren patrikatik «presoak etxera» ikurra ateratzen zuenean. Koadrila guztiek zeramaten ikurra praketako poltsikoan, eta gora heldutakoan denek astindu zuten airean.
Herri kirolak ziren ondoren. Presoen senideei karpa berezia eta aulkiak eskaini zizkieten lehen lerroan ikus zezaten ikuskizuna. Ekimen bakarra ez da egon gure herriko jaietan (eta Euskal Herri guztietako jaietan berdin), non presoen aldeko aldarrikapena presente egon ez den.
Esango nuke legea indarrean ipini dutenen helburua ez dela legea betetzea; helburua guztiz kontrakoa da. Jakin badakite zigortuak gizarteraturik daudela eta ez dutela behar berriz gizarteratzerik. Ahal izatekotan, errotik moztuko liekete gizartearekiko kontaktua.
Horixe da arazoa, gizartearen laurdena ezin dutela kartzelan sartu eta gero «bergizarteratu» gustuko beste gizarte batean.