UGTren enplegu planen eraginkortasun eza salatu dute
GARA |
UGT sindikatuak joan den asteartean kaleratu zituen Nafarroako langileen kontratuen behin-behinekotasunaren inguruko datuak. Atzo, berriz, LAB sindikatuak txosten horretan «islatu ez duten afera bat» izan zuen mintzagai: «UGT eta CCOO sindikatuek patronalarekin eta UPNren Gobernuarekin sinatu dituzten Enplegu Planek duten eragina».
LABen esanetan, plan horiekin «behin-behinekotasun datuek ez dute hobera egin, okerrera baizik, bai gizonezkoen bai emakumezkoen artean».
Sindikatu abertzaleak emakumeen egoera salatu zuen: «Emakumeen artean emandako hazkundea azpimarratu behar da bereziki, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna hazi eta diskriminazioa indartu baita».
Datuak esanguratsuak dira benetan. Plana indarrean sartu baino lehen, 2004ko uztailean, %24,03 zen behin-behinekotasun tasa. Plana gauzatu ostean, 2008ko uztailean, %27,03 zen tasa hori; hau da, 3 puntu gehiago. Kontuan hartzekoa da, gainera, planaren helburua tasa %18 jaistea zela.
Datuok aztertuta, LABek bi hipotesi planteatu zituen. Lehenaren arabera, Enplegu Planak ez du eraginik izan. Bigarrenaren arabera, berriz, planak eragina izan du, baina negatiboa.
Horiek horrela, LABek salaketa argia egin zuen: «UGT eta CCOO bultzatzen ari diren elkarrizketa sozialaren ereduak ez dakar nafar langileriaren lan baldintzen hobekuntza».