Komunikabideak aldaketaren zurrunbiloan
Biharko hedabideak gaur amestu eta eraikitzen
Urte gutxiren buruan aldaketa itzelak gertatu dira gizartean, familia ereduan, kontsumo ohituretan..., eta, nola ez, komunikatzeko moduan ere bai. Bide horretan hedabideek apustu berriei heldu diete. EHUren Udako Ikastaroetan aldaketa horiek ahotan hartu dituzte.
Maider EIZMENDI
Kazetaritza digitala eta komunikabideen kontsumoaren patroien metamorfosia» izenburupean mintzagai izan dituzte komunikabideek, halabeharrez askok, egin dituzten aldaketak. «Komunikabideak bi zikloren artean aurkitzen dira, baten amaieran eta oraindik ere eratzen ari den eta aldaketa sakonak ekarriko dituen beste baten hasieran», adierazi zuen ikastaroko zuzendarietako bat den Inigo Kortabitartek. Ikastaroari hasiera ematean sarrera gisa aipatu zuenez, hedabideen arloan gertatzen ari den aldaketa, hein handi batean, teknologia berriek eskaintzen dituzten negozio bide berriek baldintzatuta dago.
Bide horretan irakaspena eman du Norvegiako VG taldeak, orain urte batzuk egindako balentriak paregabeko emaitzak eman baitizkie. Izan ere, 1995ean sarera egin zuen salto 1945. urtean sortu zen papereko edizioak. «Interneten sartzeko goiz zen, baina aurrekariak bagenituen», adierazi zuen ikastaroetan bere enpresaren esperientziaren berri eman duen VG taldeko arduradunetako batek, Torry Pedersenek. «Ez zen benetako estrategia bat izan, baina berehala konturatu ginen albisteak aurkezteko plataforma ezin hobea zela». Merkatura egokitzeko zailtasun handirik ez duela azaldu zuen, baina hasierako urteak ez ziren xamurrak izan, galerak izan zituztelako. «Gogoan dut jangelara jaitsi eta on-line edizioan lan egiten zuten pertsonak galdetzen zutela ea zenbat diru galdu genuen egun horretan; geroago, papereko edizioko lankideek galdegiten ziguten ea egun horretan zenbat irakurle kendu genizkien», jarri zuen adibidetzat. Egun sareko edizioak paperekoak baino irakurle gehiago ditu eta lehenak izan duen gorakadaren ondorioz, batez ere, Schibsted taldearen baitako VG komunikazio multzoa egunero Norvegiako biztanleriaren (4.736.820) %52ra iristen da.
Hala ere, Pedersenek zehaztu nahi izan zuen kontuan hartu behar dela komunikabideek duten eremua. «Norvegia aberatsa da, gasa eta petrolioa du eta arrantzontzi flota handia ere bai. Gainera, Internet oso zabalduta dago; biztanleriaren %88 Internetera konektatuta dago eta etxerik gehienetan dago wiffi eta banda zabala». Ekonomia eta azpiegitura egoeraz harago, estatu batetik bestera kontsumo ohiturak aldatu egiten dira eta hori ere aintzat hartu behar da: «Nik asko begiratzen diote egunkariaren irakurketari, eta batetik bestera aldatu egiten da. Koreako metroan, esaterako, jendeak eskuko telefonoaren bidez irakurtzen du egunkaria; Londresekoan paperezko edizioarekin ikusten da jendea. Donostian ikusi ahal izan dudanez, batez ere, jende heldua da egunkariarekin ikusten dena; gauza horiek kontuan izan behar dira».
«Ez da azalekoa»
Paperaren aldean sareak eskaintzen dituen abantailak nabarmendu zituen Pedersenek. «Sarean ez dago eperik eta prentsa idatzian bai, beraz, berri garrantzitsuetan albiste asko eta berrikuntza asko sar daitezke, baita bestelako elementuak ere: bideoak, grafikoak». Bere esanetan, «zenbaitek uste dute sareko egunkaria oso azalekoa dela eta paperekoa, berriz, sakona; nire ustez, alderantzizkoa gertatzen da». Zentzu horretan, egunkari idatziak eta egunkari digitalak ezberdinak izan behar dutela ohartarazi zuen: «Egunkariek gehiago erreparatu behar dute albiste esklusiboetan, eta sarekoak unean uneko gertatzen ari direnetan».
Zentzu berean, bigarren ezberdintasun gisa espazioa eta denbora aipatu zituen. «Paperean eremu mugatua da eta sarean ez; beraz, informazio gehiago eman daiteke». Gainera, besteak beste, irakurleekin konektatuta egoteko aukera ematen duela ere adierazi zuen. Beraz, «sareko komunikabideen ezaugarri dira xehetasuna, sakontasuna eta azkartasuna».
Euren egunkari digitalari dagokionez (www.vg.no), esan zuen, akaso diseinua ez dela erakargarria, baina «zifrak arrazoi ematen» dietela: «Edukiak nahasten ditugu eta irakurleak aukeratzen du zer irakurri nahi duen; horrek ezberdindu egiten gaitu egunkari idatzian gaiak atalka sailkatzen direlako». Aldi berean, testuan baino irudietan erreparatzen dutela adierazi zuen: «Estatu espainolean, berriz, nire ustez testu gehiegi eta irudi gutxiegi erabiltzen dira edizio digitaletan».
Lan taldeei dagokionez, adierazi zuen papereko eta sareko edizioan lanean ari diren pertsonak bereiztu egin zituztela, eta hori «berebizikoa» izan dela beraien jardunean. «Munduko papereko egunkari nagusia izan nahi badugu horretan arreta jarri beharko dugu; eta sareko egunkari hoberena izan nahi badugu beste hainbeste». Ildo berean, honakoa gehitu zuen: «Batzuen ustez kazetariek edozertarako prestatu behar du, baina niretzat ideia hori okerra da, tokian tokiko egunkaria ez bada; Olinpiar Jokoetan inoiz ez dugu entzun pertsona batek maratoian eta 100 metrotan irabazi duenik, hedabideetako langileak ere modu berean ikusi behar dira, ezinezkoa da kazetari ona izatea aldi berean papereko zein sareko edizioan». Pedersenen ustez, amerikar hedabideetan ideia horrekin jokatu dute eta «horregatik ez dute funtzionatu».
Konektatu behin baino gehiagotan
Diru-iturriei dagokienez, adierazi zuen sarean publizitatearen bidez lortzen dituzten irabaziak %39 inguru direla gaur egun, baina aurreikusita dutela 2011rako %50era iristea. Lehen orriak garrantzi itzela duela adierazi zuen: «Publizitatea jendeak ikusten duen tokian egon behar du; guk irabazien %65-%70 inguru, bertan lortzen dugu». Beraien helburua egunetik egunera bisita gehiago jasotzea da, baina, horrekin batera, pertsona bakarrak egunean bisita bat baino gehiago egitea ere bai. «Gure kasuan irakurleen %20k egunean sei alditan baino gehiagotan kontsultatzen du orria», eta horretarako, «berebizikoa da orria aldioro berritzen joatea».
Publizitatearen jomuga gazteak direla gogora ekarri zuen. «Harritzekoa da, nik neuk, behintzat, hogei urte nituenean baino diru gehiago baitaukat orain, baina publizitateari dagokionez gazteak dira publiko nagusia». Zentzu honetan gogora ekarri zuen gaur egun gazteen gehiengoak Interneten ibiltzeko ohitura handia duela eta papereko egunkariarekin ez hainbeste. «Egungo gazteei ez diegu erakutsi papereko egunkaria irakurtzen, ez dakite; guk disfrutatu egiten dugu egunkari bat hartu eta irakurtzen, eurek ez», azaldu zuen. Aurreikusi zuenez, 40-45 urte dituzten pertsonek egunkaria paperean irakurtzen jarraituko dute, «egunkariaren izaera fisikoa gustatzen zaielako», baina «atzetik belaunaldi digitala dugu».
Telefonia mugikorrak eskainiko duen aukeraren inguruan gogora ekarri zuen gaur egun 54.000 pertsonak irakurtzen dutela Interneteko edizioa gailu horren bidez. «Oraindik ere zabaldu gabeko bidea da, akaso iPhone hedatzen denean gora egingo du ehuneko horrek», aurreratu zuen.
Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerei probetxu atera behar zaiela eta saiakerak egin behar direla azaldu zuen: «Teknologia berriak loteria bezala dira, probatu egin behar da akaso zortea izango delako». Honakoa erantsi zuen Pedersenek: «Biharko komunikabideak gaur diseinatu behar dira».
Beren taldearen helburu nagusia zein den azaldu zuen bukatzeko: «Europako talde erakargarriena izan nahi dugu; akaso ez errentagarriena, baina bai erakargarriena. Hori lortzeko ari gara lanean».
VG taldeko hedabideek SMS zerbitzu bat dute irakurleak beraiekin komunika daitezen; modu horretan, irakurleak informazio iturri garrantzitsu bilakatu ditu. Aipagarria da, esaterako, VG taldeak izan zuela 2004ko Gabonetan Thailandian gertatutako tsunamiaren lehen albistea, agentziak zabaltzen hasi aurretik. Han zegoen norvegiar batek eman zien berria, mezu baten bidez eta eskuko telefonoaren bidez egindako argazkia bidali. «Kontuan izan behar da jendea modu modernoan nola komunikatzen den». Jendeak edozein berri duenean egunkaria erreferentzi gisa izatea lortu behar da, Pedersenen hitzetan. «Guretzat oso pozgarria da une horietan gutaz gogoratzea». Jasotzen duten mezua egia edo gezurra izan liteke, «baina gauza bera gertatzen da agentzietatik datozen albisteekin».