GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Berriz ere Himalaia aldera

Edurne Pasabanek bere hamaikagarren zortzimilakoa aukeratu du: Manaslu

Mendizale tolosarra urrian ahaleginduko da 8.156 metroko tontorra igotzen

p034_f01_555x555.jpg

Imanol SESMA | DONOSTIA

Hiru hilez Bartzelonako errendimendu handiko zentroan entrenatzen aritu ostean, Edurne Pasaban tolosarrak erronka berri bat aurkeztu zuen atzo: urrian Manasluko tontorra erasotzea. Helburua betez gero, munduan dauden hamalau zortzimilakoen artean Pasabanek igotako hamaikagarrena izango da.

Aurtengo maiatzaren 1ean Dhaulagiriko (8.167 metro) tontorra zapaldu zuen Pasabanek bere hamargarren zortzimilakoa eginez. Orain, berriz, Himalaiako Manaslu mendiaren gune garaienera, 8.156 metrora, iritsi nahi du urtea borobiltzeko.

«Manasluk ez du zailtasun tekniko handirik eta ez da altuenetakoa ere», aitortu zuen Pasabanek atzo Madrilen egindako aurkezpenean. Gogoratu behar denez, 2004an K-2 igotzen izoztu zitzaizkion bi behatzak anputatu ostean, barne-zola berezi batzuekin eskalatzen du egun mendizale tolosarrak.

1956ko bidea errepikatuko dute

Espedizioa irailaren lehen egunean abiatuko da Katmandura, eta hilak hamarrean, zortzi eguneko ibilaldia eta gero, 4.900 metrora dagoen oinarrizko kanpamendura iritsiko da.

Bertatik abiatuta, 1956. urtean Manasluko tontorra lehen aldiz zapaldu zuten japoniarrek eginiko bide bera burutuko dute; hau da, iparraldeko bidea. Hori bai, Pasabanen espedizioak kanpamendu gutxiago jarriko ditu.

Igoeran aurkituko dituzten zailtasunen inguruan hitz egin zuen atzokoan Edurnek, bereziki, lehen eta bigarren kanpamenduen arteko tarteari buruz. Azpimarratu zuenez, tarte horretan «elur-jauziak eta 1.000 metroko maldako pitzadurak sarri aurkitzen dira». Altuerako hiru kanpamendu jarriko dituztela ere aurreratu zuen tolosarrak: «Lehena 5.800 metrora, bigarrena 6.800 metrora, eta hirugarrena 7.400 metrora. Aurtengo montzoia ikusi nahi dut. Euri asko egin duela esan didate, eta egon daitekeen elur kantitateak kezkatzen nau». Urriaren hasieran tontorra erasotzea espero du Pasabanek; bere teknika erakutsiz, azken 30 metroak eskalatzen igo beharko ditu.

Emakumeen lasterketa

Manaslu igoz gero, Shisha Pangma, Annapurna eta Kangchenjunga geratuko zaizkio Pasabani hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea izateko. Bide horretan, ordea, bi etsai ditu: Gerlinde Kaltenbrunner austriarra eta Nives Meroi italiarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo