Asaldagarri zen Sex Pistols, rockaren historia bizia, lehenengoz Azkenan
Datorren astean Azkena Rock jaialdiaren zazpigarren edizioa izango da Gasteizen, ohi bezala, Mendizabalako zelaietan. Dagoeneko Euskal Herriko rockzale amorratuen ezinbesteko hitzordu bilakatua, Sex Pistols punk hondarra dugu aurtengo izar nagusia. «Gitarren jaialdiak» rock izar zerrenda luzea dakar oholtzara: The Jon Spencer Blues Explosion, The Jayhawks edo Ray Daviesen itzulera. Baita Jhon Cale, Los Lobos, The Lemonheads edo Dinasour Jr. ere.
Anartz BILBAO | BILBO
Betiko antolakuntzari eta jokamoldeari heltzen dion Azkena Rock jaialdiak datorren ostegunean, gaur zortzi, zabalduko ditu ateak, rockaren zaleek gitarrak eta adatsak astin ditzaten. Parte-hartzaileen artean, eta Sex Pistols izen deigarriak babestuta, iraganean jaialdi berean arrakasta erdietsitako talde batzuen itzulerak, zenbait mitoren berragerpenak eta makina bat gazteren grinak gogor joko gaitu igandea bitarte. Talde nagusiari buruz, gutxi gelditzen zaigu esateko. Britaniar punk eztandan mundua asaldatu eta ernegatu zuen Sex Pistols agertokietara itzuli da, «Jontxu ustela» buru duela. 1970eko hamarkadan zendutako taldeak gezurrik behintzat ez dakar, eta «aberaste zikina» deitu dio lehen aldiz gurera ekarriko dituen birari.
Garai hartan ordura arteko musika egiturei barre (edo txiza) egin zion laukoteari laguntzen, Ray Davies, The Jon Spencer Blues Explosion eta The Jayhawks talde zirraragarriak beste behin joko dute Gasteizen. Duela bost urte kontzertu gogoangarria eman zuen bertan The Kinks taldeko buru Daviesek, plazagizon plantak erakutsiz. Ezaguna da Jon Spencer grinatsuak ere zuzenekoan duen lilura. Iaz Mendizabalan izan genuen Heavy Trashekin, eta Judah Bauer eta Russell Simins izango ditu berriro lagun, JSBX koipetsuan.
Ezberdina da The Jayhawks taldearen egoera. Bere garaian bigarren agertokiko soinu eskasa harrapatu zuten Azkena Rock jaialdian (gerora soinu bikaina izan da beti), eta ordurako Olsonek utzia zuen taldea. Gary Louris eta Mark Olson lagunak berriro elkartu dira orain, «Ready For the Flood» disko berria bikotean grabatzeko, eta Mendizabalan izango dira larunbatean, Perlman, O´Reagan eta Karen Grotbergekin batera 94-95eko The Jayhawks-en soinua berreskuratzeko.
Arestian aipatutako lau taldeek besteko pisua dute ondoren aipatuko ditugunak ere. Rockaren izar eta aitzindari, denborak mito bilakatu ditu Marky Ramone, Jhon Cale, Los Lobos eta The Sonics, eta sekulako itzala eman die Lemonheads, Dinasour Jr. eta Hanoi Rocks taldeei.
Pisua eta itzala
Lemonheads taldea izango da osteguneko talde nagusia. Evan Dando buru duen taldeak, bederatzi urteko isilunearen ostean, disko berri bat grabatzeari ekin dio eta bitartean «Varshons» bertsio diskoa plazaratu du. Egun berean joko du Marky Ramonek ere. Bateria-jotzaileari «abizenak» toki bat gordetzen dio rockaren handienen artean, gerora musikalki askorik nabarmendu ez bada ere. Ostiralean Mancis ile-urdinduaren betiko Dinasour Jr. hirukotearen bisita izango dugu, iaz plazaratutako «Beyond» lana zuzenean aurkezten. Aurretik Jhon Cale & Band, Velvet Underground ezinbestekoen europar musikari bikaina, eta ostean, Los Lobos, «La Bamba» kantuaren sortzaile mexikar-estatubatuarrak. Larunbatean, bukatzeko, Hanoi Rocks glam seikote eskarmentuduna, iaz «Street Poetry» plazaratu zuena eta The Sonics-en rock & roll gordin, herdoil eta bikaina.
Urtero legez, itzal handiko izenekin batera makina bat talde gazte estreinako aldiz ikusteko aukera ere izango dute askok. Etxeko ordezkariak Sorkun & Vice Presidentes eta Las Culebras nafarrak dira aurten. Azken hauek Bilbo Hiria lehiaketan irabazi zuten jaialdian parte hartzeko aukera.
Grina eta kalipua
Gazteenen artean, Radio Moscow Iowako (AEB) hirukotea dugu, 1960ko hamarkadara begira dagoena. Baita The Boss Hoss alemaniar taldea ere -2004an sortua-, AC/DC taldearen miresle diren Hayseed Dixie bluegrass banda bitxia eta Viaje a 800 Cadizeko stoner taldea zein Animal Alpha eta The Royal Cream eskandinaviar laukoak.
Erdibidean aurkitzen ditugu beste asko, dagoeneko zale ugari biltzeko besteko ibilbide interesgarriak egindakoak, rockaren ikur bilakatzerainokoa ez bada ere. Hauxe dugu jaialdiko multzorik ugariena, tartean Lagartija Nick granadar eta Sex Museum madrildar talde eskarmentudunak biltzen dituena. Baita Kyusseko bateria-jotzaile ohiaren The Yawning Man, Seattleko grunge doinuen orkezkari Truly taldea eta 1968an San Frantziskon sortutako Blue Cheer psikodelia-blues hirukotea ere. Eta horiekin batera, Blind Melon eraberrituak, The Quireboys rock & roll makina, Orange Goblin britaniarren soinu gogorra, Duff McKagan´s Loaded, Guns & Roses taldeko baxu-jotzailearen egitasmoa eta Danko Jones kanadiar piztitzar beltzaren hirukote bortitza.
Bukatzeko, aparte utzi ditugu L7 emakume talde grinatsuko Donita Sparks abeslaria, bakarka, eta Greg Dulli eta Mark Lanegan basapiztiak duten The Gutter Twins egitasmo berria, jakin-min ugari piztu duena. Finean rock koloreanitzez blai izango dugu Gasteizko Azkena, rock zaleen belarriak astindu eta dantza gosea asetzeko.
Rachel Arieff komiko estatubatuarrak ostiral eta larunbateko zuzenekoen ostean, goizeko hirurak aldera, aurkeztuko du Anti-Karaoke ikuskizuna; rock kontzertu, Broadwayko show eta karaoke underground baten uztarketa omen dena.
Taldeen ordutegia:
OSTEGUNA 4: 18.25 Lagartija Nick. 19.20 The Yawning Man. 20.15 Hayseed Dixie. 21.10 Radio Moscow. 22.15 The Boss Hoss. 23.20 Marky Ramone. 00.50 Lemonheads.
OSTIRALA 5: 14.30 Las Culebras. 15.10 The Royal Cream. 15.45 Sex Museum. 16.30 Donita Sparks. 17.20 Jhon Cale & Band. 18.15 Orange Goblin. 19.20 Duff McKagan´s Loaded. 20.25 The Gutter Twins. 21.35 The Jayhawks. 23. 15 Dinosaur Jr. 00.40. Los Lobos. 1.55 The JSBX. LARUNBATA 6: 14.30 Viaje a 800. 15.10 Sorkun. 15.45 Animal Alpha. 16.30 Truly. 17.20 The Quireboys. 18.15 Blue Cheer. 19.20 The Sonics. 20.25 Danko Jones. 21.35 Ray Davies. 23.15 Sex Pistols. 00.40 Blind Melon 1.55 Hanoi Rocks.
El ARF es ya una cita clásica e ineludible para una afición que sigue el rock día a día. El certamen, que cumple séptima edición, recupera bandas que triunfaron en ediciones anteriores bajo el reclamo principal de los irreverentes Sex Pistols. Mendizabala se abrirá al público a las 18.00 h. el jueves y a las 14.00 h. el sábado y el domingo. Tras los directos, la estadounidense Rachel Arieff ofrecerá el viernes y el sábado su espectáculo Anti-Karaoke. Después, la fiesta sigue con los Dj-s Monasterio, Chewbacca y Gemelos Derrick. Las entradas: jueves por 20 euros y viernes o sábado, por 40 euros (sin derecho a pulsera). El bono de tres días, a 75 euros a la venta en Carrefour, Fnac y el tlfno 902 15 00 25. Por internet en: www.ticktackticket.com.