GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Segurtasuna kontzertuetan, eta legeak ito egiten du

Instituzioetatik segurtasunaren mapa oso marraztuta dute, eta hamaika neurri hartu dituzte. Musika alorrekoa, ordea, ez dago zeharo garaturik. Beste herrialde batzuekin alderatu, espainiar Estatua atzeratua dabil musikaren zuzeneko segurtasunarekin

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Zuzeneko kontzertuetan edozein unetan eta edonon gerta daiteke ezbeharren bat. Gaia ez da ezkorra izatea, gerta litezkeen istripuak ekiditea baino.

Instituzioetatik segurtasunaren mapa oso marraztuta dute, eta hamaika neurri hartu dituzte. Musika alorrekoa, ordea, ez dago zeharo garaturik. Beste herrialde batzuekin alderatuta, espainiar Estatua atzeraturik dabil musikaren zuzeneko segurtasunarekin. Ez naiz inongo legediak baieztatzen, babesten eta onartzen hasiko, ezta aztertzen ere. Legeak aspertu egiten nau bere osotasun zabalenean eta legeak prestatzen dituztenek gogaitu egiten naute. Legeak nazka ematen dit eta nahiago ditut pertsonen eta komunitateen arteko zeharkako hartu-emanak; hots, berdintasunekoak.

Inork esan dezake legeak pertsonak berdindu egiten dituela, azalean baino ez. Sakontze xume batek beste zerbait ondorioztatzen digu. Bertikaltasuna eta piramide itxurako harremanak ez dira nire gustukoak. Badakizue zer gertatzen den zerbait zatitu eta gero banatzen duenarekin, ezta? Bera geratzen dela zatirik handi eta ederrenarekin. Legearekin beste horrenbeste jazotzen da. Legea egiten duenak berak interpretatzen du, eta bere aldera ekarri, noski. Baina lege berbera urratzen lehena legegilea bera da.

Arestian esan bezala, musikaren legea bukatzear du Estatuak eta atal garrantzitsuenetarikoa zuzenekoetan segurtasuna arautzen duena da. Zuzenekoetan istripu larri asko ematen da, eta hildako anitz urtean zehar. Sarri zergatiak desitxuratu nahi izaten dira, baina ekiditeko protokoloak idatzita daude; gehienetan, ordea, segurtasunaz gehiegi jakin gabe, gutxieneko zentzumenari kasu eginda gauzak askoz ere argiago ikus daitezke.

Donostiako Aste Nagusiko kontzertu batera nindoala, Haizearen Orrazia gune politera, zuzeneko ekitaldiak egiteko zein desegokia den hausnartzen eman nuen bidea. Bartzelonako El Facto de Fe y Las Flores Azules taldearen emanaldian, euria eta haizea ez ziren zakarregiak. Hala ere, haizeak argiak eusten zituen habe pisutsua bota zuen eta ia buru gainera erori zitzaion taldeari. Eskerrak ez zuen inor harrapatu, bestela akabo. Izenak hala dio, Haizearen Orrazia. Beti haizea. Beraz, hor ezin da zuzenekorik egin; edonoiz etor daiteke haize bolada bat. Akordatzen al zarete legeari buruzko abesti itsaskorrean nola itzuli zuen Hertzainak taldeak The Clash britainiarren «I fought the law» kantua? Eta legeak ito.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo