Sahararren borroka luze eta ahaztua
Saharan ez dira egunero dozenaka pertsona hiltzen bonbardaketen edo atentatuen ondorioz. Hango erresistentziak orain dela urte asko isilarazi zituen armak. Hala ere, udan egunero hiltzen dira zenbait errefuxiatu Tindoufen, egunero aurre egin behar diote errepresioari lurralde okupatuetan; torturei, desagertzeei, hilketei. Egoera horrek, ordea, ez du hedabideetan lerro bakar bat ere merezi, ondo ezaguna bada ere. Baina ez da nazioarteko komunitateko demokrazien interesekoa. NBEk ez zuen behartu Maroko bere ebazpenak betetzera, eta erakunde horren jarrera negargarria da gatazka honi dagokionez. Gaur egun sahararrak presionatzen ditu Marokoren autonomia egitasmora makurtzeko. Horrela baino ezin da ulertu errefuxiatuentzako laguntza murriztu izana. Nazioarteko komunitateak ez ikusia egin nahiago du egoera horren aurrean eta Marokoren demokrazia gabeziaren aurrean. Luzea da sahararrek beren askatasuna lortzeko hasi eta mantendu duten borroka; okupatzailearen kontra eta, ikusitakoak ikusita, nazioarteko komunitatearen kontra. Munduaren ahanzturaren kontra. Baina ez dute inolako borroka biderik baztertzen, ez baitute amore emateko asmorik. Haien borroka bidezkoa baita, ahaztua baina bidezkoa, eta herrien elkartasunak isilarazten dieten ahotsaren bozgorailua izan beharko luke.