GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Euskal selekzioa

«Txilera doan selekzioa ez da Euskal Herrikoa»

EHPK eta ESAIT prentsaurrekoan agertu ziren Euskadiko Pilota Federazioaren jarrera salatzeko

p035_f01_777x777.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Abuztuaren 30a eta irailaren 6a bitartean Munduko Pilota Kontseiluak Txilen antolatu duen nazioarteko lehiaketa dela-eta, Euskal Herriko Pilota Konfederazioak (EHPK) eta Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT) gogor salatu dute Euskadiko Pilota Federazioaren jarrera. Beraien ustez, federazioak «ateak itxi dizkio» Euskal Herriko selekzioari eta bizkarra eman die, beste behin, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariei.

«Txilera doan selekzioa Euskal Herrikoa ez dela salatu nahi dugu. Hemeretzi pilotari eramango dituzte eta horietatik bakarra da Autonomia Erkidegotik kanpokoa, neska nafar bat. Gainera, txapelketa hau trinketean jokatuko da eta Euskal Herrian dauzkagun trinketeko pilotaririk onenak Iparraldekoak dira», argitu du Martin Ibarra, EHPK-ko ordezkariak.

Ibarraren hitzetan, arazorik «larriena» Euskal Herriari bidea ixten diotenak etxeko agintariak beraiek izatea da. Zehazki, Txema Aldamiz, Euskadiko Pilota Federazioko presidentea, eta Carlos Lasa, Munduko Pilota Kontseiluko presidentea, aipatu zituen errudun nagusitzat. Gogoratu zuenez, bi agintariok izan ziren iaz EHPK Munduko Pilota Kontseiluan sartzea eragozteko indarra egin zutenak.

Horregatik, pilota munduko jendeari gogoeta egitera bultzatu zion «zer ordezkari ditugun» ondo hausnartzeko, nahiz eta argi utzi EHPK-k ez duela «aterik ixten» eta Kontseiluan sartzeko eskaera «oraindik indarrean» dagoela. Konfederazioaren ustez, «indarrak elkartzea» da aurrera egiteko bide bakarra.

Ixiar Arratibelek ere, ESAITeko ordezkariak, Euskadiko Federazioak «euskal pilotari batzuen eskubideak zapaltzen» jarraitzen duela salatu du, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako pilotariak «ez baititu kontuan hartzen». Horren aurrean, selekzioen aldeko taldeak federazio nazionalak ezinbestekotzat jo ditu «nazio gisa aritzeko».

IPARRALDEKORIK EZ

Martin Ibarrak gogoratu zuenez, Txilera doazen euskaldunen artean ez dago Ipar Euskal Herriko pilotaririk, nahiz eta trinketeko jokalaririk onenak bertakoak izan. Nafarroatik bakarra doa.

aurrera begira

EHPK aurki hasiko da bere nazioarteko hirugarren txapelketa antolatzen. Venezuela eta Uruguayko esperientzien ondotik, Argentinan egin nahi dute hirugarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo