DONOSTIA HIRIA TORNEOA
Patxi Ruiz izan zen onena astearte gauean
A.A. | DONOSTIA
Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruizek 22 eta 11 menderatu zituzten Aimar Olaizola eta Oier Mendizabal astearte gauean jokatu zen Donostia Hiria Torneoko lehen finalerdian. Asegarceko izar handienak bilduta, partida ederra espero zuten zaleek, baina aurrelariek ez zuten nahi bezain beste asmatu errematean. Patxi Ruiz izan zen laukoteko onena eta bere-bereak dituen eskuinkada ikusgarriek txalo zaparrada beroak jaso zituzten. Oier Mendizabalek ere maila polita eman zuen eta, batez ere defentsan, lan oso ona egin zuen.
Aurrelariek, ordea, pilota gehiegi galdu zuten. Aimar Olaizolak ohikoak ez diren zenbait pilota galdu zituen -sakeak airez errestatzen adibidez- eta Oinatz Bengoetxeari ere asko kosta zitzaion errematera sartu eta tantoak egitea. Partidak 404 pilotakada izan zituen, 51 minutuko iraupena eta 10-10etik 20-10era zuzenean joan zen bikote gorria.