GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Galdeketa alboratzeko eta «benetako arazoez» kezkatzeko eskatu dio PSEk Ibarretxeri

GARA |

PSEko antolakuntza idazkari Rodolfo Aresek galdeketa albo batera uzteko eskatu zion atzo Bilbon egindako agerraldi batean Juan Jose Ibarretxe lehendakariari.

Aresen ustez lehendakaria euskal herritarren «benetako arazoez» kezkatu beharko litzateke, eta galdeketaz «gutxiago». PSEko bozeramaileak Lakuako gobernua «erradikaltzat» jo zuen «subiranotasuna eta konfrontazioa» bilatzen dituelako. Zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako krisi ekonomikoa konpontzeaz ez arduratzea aurpegiratu zion Gasteizko Gobernuari.

PSEko ordezkariak «adostasuna» lortzeko eskatu zion Ibarretxeri, «funtsezkotzat» jo zituela etxebizitza, osasuna eta AHT gisako azpiegituren inguruko adostasuna.

Beraien iritziz, joan den ekainean EAEko hiru foru aldundiek Jaurlaritzarekin batera azpiegituretarako iragarritako 12.800 milioi euroko inbertsio plana «propaganda» baino ez zen izan.

Gainera, Lakuako hirukoak krisiari aurre egiteko «konfiantza» itxura eman ordez, «autodeterminazioaren aldeko» proposamenarekin «zalantzak» bakarrik sortu dituela kritikatu zuen.

Bestalde, Ińaki Azkuna Bilboko alkatea ezkor agertu zen Auzitegi Konstituzionalak Kontsulta Legeari buruz har dezakeen erabakiaren aurrean eta «Urkulluk esan bezala» epailearen erabakia onartuko dutela adierazi zuen. Azaldu zuenez, alderdi jeltzalea beti izan da-eta alderdi «legal» bat.

Radio Euskadi-n egin zioten elkarrizketan, Azkunak ez zuen Ibarretxe lehendakariak bultzatutako kontsulta baloratu nahi izan, hauxe argudiatuta: «Alderdikideren bat etorriko zait gero Bilboz bakarrik hitz egin behar dudala esanez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo