Kazetari zintzoak? ... zientzia-fikziozko filmetan soilik!
William Randolph Hearst hedabideetako magnatea izan zen prentsa horiaren boterea egokien ustiatu zuena. Izan ere, bere prentsa inperioa erabili zuen 1898an AEBek Espainiari gerra deklara ziezaioten. Hearts handikiaren irudi eta antzera fabrikatu zuen Orson Wellesek «Citizen Kane» (1941) maisulaneko protagonista
Iñaki LAZKANO | Periodista y profesor de Ciencias Sociales y de la Comunicación
Kazetaritzaren loria islatu du zinemak usu. Hala, kazetarion nahiz kazetaritzaren beraren irudi idilikoa eskaini izan duen film ugari aurki daiteke, egiazki. Alan J. Pakula zinemagilearen «All the President's Men» (1976) pelikula aparta da, ezbairik gabe, korronte politikoki zuzen eta idealista -eta xaloa, zergatik ez?- horren paradigma. AEBetako presidente Richard Nixon kargua uztera bultzatu zuten «Washington Post» egunkariko bi erreportari ausarten nondik norakoak islatzen ditu; Bob Woodward eta Carl Bernstein kazetaritza etikoaren eredu bilakatuz.
Zinema liberalak zeluloidezko ozeanoan utzitako uharari jarraiki, Michael Mann-en «The Insider» (1999) eta George Clooney-ren «Good Night and Good Luck» (2005) nabarmen ditzakegu azken urteotan. Batean zein bestean, kazetaria boterearen kontra borrokatzen da-eta adierazpen askatasuna bandera bakar duela. Tamalez, kazetariaren izaera uherragoa izan ohi da ia beti; Billy Wilder handiaren maisulanak lekuko.
Wilderrek kazetaritzari buruz hainbat film errodatu zituen arren, «The Front Page» (1974) satira makurra du lanik ezagunena. Esklusiba ziztrin bat lortzeko ama saltzeko prest den sentimendu gabeko alfer eta ziniko koadrila gisa erretratatzen ditu kazetariak aipatu filmean. Are gordinagoa da, baina, «Ace in the Hole» (1951) mikatza. Bertan, eraitsitako meatze batean harrapatutako gizon baten erreskate-lanak mantsotuko ditu kazetari handinahi batek berariaz, albisteari ahalik eta etekin gehien ateratzeko. Benetako gertaera bat oinarri hartuta, kazetaritza sentsazionalista gogor salatzen du «The Apartment» (1960) zirraragarriaren egileak, zinez.
William Randolph Hearst prentsa magnatea izan zen, hain justu, prentsa horiaren boterea egokien ustiatu zuena. Izan ere, bere prentsa inperioa erabili zuen 1898an AEBek Espainiari gerra deklara ziezaioten. Hearst handikiaren irudi eta antzera fabrikatu zuen Orson Wellesek «Citizen Kane» (1941) maisulanaren protagonista. Haren adiskide Jed Leland-ek ordezkatzen du kazetaritza benetakoaren espiritua, ordea. Mertzenario losintxarien laudorio merkeak saihestuz, kazetako zuzendariaren maitalea kantari eta antzezle kaskarra dela idazteko ausardia duen bakarra baita. Kazetari irizpidedun eta idealistaren pertsonifikazioa da, finean. Egungo kazetaritzan iraungitako arraza baten azken katenbegia, alegia. Boterea, salatu baino, legitimatzen duen sasi-kazetarien unibertso itogarri honetan, adierazpen askatasunaren itsasargia.