GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Zuzenbidea Marisaren esanetara

Gaur egun umeei ez zaie entzuten «azkena, ipurdigizena!» esaera, nire haurtzaroan txitean-pitean, korrikari ekiten genionean, erabilia. Hala ere, azkenaldion Getxon ohikoa omen da ume taldeak arineketan hastea, «deprisa, hor dator Marisa!» oihuka.

Ertzaintzaren egoitzetan kezkatuta omen dabiltza, Marisak parte hartuko duen ekitaldiren batean zaintza lanak egitera bidaliko dituzten beldur. Basagoitik berak ere ezin zuen kezka disimulatu Madrileko Auzitegi Nazionalera Marisarekin sartu aurretik. «Ni presidentea naiz, eta gainera lanpetuta nabil, joan dadila Iturgaiz», esango zien alderdikideei hara baino lehen, Marisaren deklarazioaren beldur.

Ulergarria Basagoitiren sustoa, Marisaren salaketa baten ondoriozko epaiketa irudikatuta: «Begiratu egin zidan... modu txarrean», hasi da Marisa koitadua. Fiskalak jarraitu du: «Baina kontatu dena, emakume, beharbada terrorista zikin horrek mehatxatu egin zintuen». «Halaxe izan zen -gogoratu du Marisak bat-batean-, ni eta nire familia guztia, txakurra barne, hilko gintuela esan zidan, eta gainera putaseme ez besteak iraindu egin ninduen». Orduan fiskalak lasaitu egin du: «Ez ote zitzaizun hiltzen ere saiatu...?», eta Marisak: «Bai, ondo gogoan dut labana bat... pistola bat atera zuela... ez, bazoka bat...». «Argi dago, epaile jaun txit goren hori -bukatu du fiskalak-, agintarien aurkako atentatu baten aurrean gaudela... magnizidio baten aurrean, esango nuke nik». Eta epaileak erasotzailea seinalatzeko gauza ote den galdetu dionean, Marisak «jakina!» esan orduko, poliziek, atezainek eta alderdietako ordezkariek, tartean Basagoiti, aterantz jo dute deabruak eramanda bezala; abokatuak, idazkaria eta fiskala bera, berriz, mahai atzean makurtu dira, beldurrak airean...

Txantxetako kontua dirudi, baina haren ondorio larriak ikusita, beldurgarria da. Orain dela 70 bat urte norbaiten hitz salatzailea aski zen beste norbait kartzelatzeko edo are hiltzeko ere, eta Zuzenbidearen arabera gobernatuta omen dagoen Estatu honetan gustuko dituzte halako tradizioak.

Harrue baino gehixago, arriskugarrixe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo