Kronika | San Agustin eguna
Jana eta edana nagusi Artikutzako urteroko jai egun handian
Bazen eguneko lehen orduetan eguzkiak laino artean lekurik egingo ote zuen zalantzan jartzen zuenik, baina, azkenean giro ezin hobea izan zuten atzo Artikutzara San Agustin eguna ospatzera bertaratu zirenek. Pilota txapelketak, aizkolariak, erromeria eta, batez ere, giro bikaina, ez ziren falta izan.
Janire ARRONDO
Entzutez ezaguna da Artikutzako naturgunea. Donostiako Udalaren jabego pribatua izan arren, Goizuetako lurretan dago. Oiartzun, Lesaka, Arantza, Zubieta, Labaien eta Goizuetako mendiek inguratzen dute 3.700 hektareatako ingurua. Euskal Herriko eremurik euritsuena da, eta bertan dago Donostia urez hornitzen duen urtegia.
Bizikletaz edo oinez iristeko oztoporik ez badago ere, Artikutzara autoz bertaratzeko urtean zehar baimen berezia behar izaten da. San Agustin egunez, ordea, sarrera irekita egoten da festara gerturatu nahi duten guztientzat.
Lehen, abuztuaren 28a errentak ordaintzeko eguna izaten zen inguruko bizilagunentzat, baina gaur egun festarako aitzakia izaten da San Agustin eguna, eta atzokoan ere ez zuten hutsik egin. Goizean goiz prest zeuden artisauen, gazta-saltzaileen eta talogileen saltokiak, prest ze- goen Ostatu Zaharraren kanpoaldeko taberna ere. Pixkanaka bakan batzuk gerturatzen hasiak ziren, eta ez zuen denborarik galdu jendeak bazkalordurako txokorik onenak gordetzeko. Autoz inguratu zen jende gehiena Artikutzara, Oiartzungo Altzibar eta Karrika auzoak zeharkatuz, Bianditzeko lepotik ba- rrena.
Izan zen Goizuetatik bertaratu zenik ere. Arriurdineko atakan autoak utzi, eta oinez joan ziren haraino. Ausartago ibili zirenak ere baziren Goizueta, Zubieta eta Lesaka herrietatik 10 kilometroko bidea oinez egin baitzuten batzuek «urteroko ohiturari jarraituz». Beste batzuek ohiko bidea zaldiz egin zuten, eta, gainera, izan zen bizikletaz joatea hautatu zuenik ere. Oiartzundik gerturatu zen familia batek esan zuenez, «bestela ere, dena autoz betetzen da egun horretan, eta guk ez dugu hori egingo».
Herrixkaren gainaldean da- goen San Agustin ermita jendez leporaino bete zen eguerdiko meza garaian. Ezagun asko eta asko biltzen dira Artikutzan egun honetan. Esaterako, duela ia 50 urtetik bat Oiartzunen eta bestea Zubietan bizi diren bi goizuetarrek bertan egiten zuten topo, «huts egin ezin den data izaten dugu», azaldu zuten.
Bazkari legea egin zuten eguerdian, arratsaldean festarekin jarraitu aurretik. Askok bertako postuetan jan arren, etxetik bokadiloa eta edatekoa eraman zuenik ere izan bazen. Baina, baita, ongi prestatua joandako jendea ere, inguruetan asko baitziren, parrilla eta guzti, bapo bazkaldu zutenak.
Naturgunea
Euskal Herriko lur eremu euritsuena eta zaharrenetarikoa da Artikutza; Aiako Harrien gertutasunak eta barrutiaren iparraldeko granitoaren presentziak, ematen dute inguru horren adinaren berri.
Inguru horretan aspaldidanik izan da gizakia. Historiaurreko bizitokien aztarnak agertu ziren Errenteriako Aitzbitarte eta Oiartzungo Dorre kobazuloetan. Bi eskualde horiek Artikutzatik hurbil daudenez, bertan ere ehizatzen zela sumatzen dute adituek. Hori horrela izanez gero, duela 30.000 urte ingurukoak lirateke lehengo biztanleak.
Ordutik hona, garai gehienetan, gizakiaren biziraupenerako ustiatu dute Artikutza ingurua. Eskaseko atezaindegitik barrena, isiltasuna eta lasaitasuna izaten dira nagusi Artikutzan. Hori, azken 90 urteotan egin den kudeaketari esker. Donostiako Udalak 1919. urtean erosi zituen bertako lurrak, eta ordutik hona ur-horniketara bideratzen dute, bestelako ustiapenak debekatuz. Udalak administratzaile bat jarri zuen Artikutzako urtegia kudeatzeko. Lehen, ura kloratzen ez zenez, garbi mantentzeko, beharrezkoa zen abelburuei sarbidea eragoztea. Bestetik, herrixkarainoko errepidea egin zutenean, ibilgailuentzako sarbidea mugatu egin zuten, ingurua babesteko helburu hori betetzearren.