Godoten zain...
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Vladimir: Zer, joango al gara? Estragon: Bai, goazen. Baina bi pertsonaiak ez dira lekutik mugituko, Godoten zain daude.
Ibaizabal ibaiko gabarra batean kiskali den Bilboko Marijaia datorren urtea noiz iritsiko zain dagoen bezala, Beijingeko Olinpiar Jokoak ere, lau urte noiz pasako zain daude, beste asko, Liga noiz hasiko zain dauden bezala. Zeren zain ordea?
«Bizitza etengabe zain egotea da. Beti zerbaiten esperoan gaude, etorriko denaren esperoan, gertatzea nahi dugunaren esperoan».
Etorri ziren moduan joan dira festak eta ikuskizunak. Jaiez eta antzerkiz beterik egon diren Bilboko kaleak, garbitzaileen erratz eta makinez beterik daude orain. Japonetik, Frantziatik, Belgikatik eta Argentinatik etorritako konpainiak etxera itzuliko ziren edota beste lurralde urrun batera abiatuko ziren akaso. Bertako antzerki taldeak berriz, hiri hutsean geratu dira, hurrengo lana noiz iritsiko zain. Beijingen egondako mundu guztiko kirolariak ere, pozik edota triste, euren lurraldeetara itzuli dira. Amaitu da zarata ... Eta orain, zer?
«Oraina, gauzak gertatzen direlako gertatzen da, hau da, zerbait egiten dugulako ... Sarritan, zerbait egitearen itxurak besterik egiten ez baditugu ere, ezer ez jakiteak sortzen duen espazio hutsa nolabait bete nahian».
1813an sute batek Donostia suntsitu zuen eguna gertu daukagu eta errautsek utzitako huts hori nolabait betetzearren, sugarretan kiskali gabe geratu zen kale bakarrari urtero egiten zaion omenaldia bertan dugu. Sutan kiskalitako Marijaia bezalaxe geratu zen Donostiak festen biharamuna gainditu du eta errautsetatik zutitu zaigu berriro, hutsa ospakizunez, kantuz eta kandela argiz betetzeko asmoz.
«Bizirik gaudela sentitzeko, gizonok eta emakumeok, zerbait egiteko beharra daukagu. Okupatuta eta distraituta egonez gero, denborak aurrera egiten duela ahazten dugulako».
Jose Luis Alonso de Santos idazle eta zuzendariak aurreko asteburuan Antzoki Zaharrean eskaini zigun «Bajarse al Moro» antzezlanean azaldutakoaren bezalako bidaiak egiten ditugu. Hilaren 2an eta 3an izango dugun «Ohean» antzezlaneko bikote gazteak maindire artean hasiko duenaren moduko bidaiak ere egiten ditugu. Eta hilaren 25ean hasitako Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak eskaintzen dizkigunak bezalako bidaiak ere egiten ditugu ... Distraitu egiten gara. Baina zerengandik?
«Etorkizunak ekar dezakeenagandik. Eta Samuel Becketten arabera, etorkizunak bi gauza bakarrik ekar diezazkiguke: heriotza edota salbazioa».
Vladimir: Zer, joango al gara?
Estragon: Bai, goazen.
Baina bi pertsonaiak ez dira lekutik mugituko, Godoten zain daude. Eta zain egote hori omen da bizitza.