GARA > Idatzia > > Kultura

«Anatoliako sua»ren dantzak erritmoz argituko du Baluartea

Mustafa Erdogan dantza taldeak, gaur gauean 40 dantzari taularatzen dituen ikuskizuna eskainiko du areto nagusian, 20.00etan. Bertan, tap edo klakea, ekialdeko dantzak edota sabel-dantzaren erritmoak naturaltasun osoz erakutsiko dituzte konpainiako dantzariek.
p043_f01_97x156.jpg

GARA | IRUÑEA

Gaur gauean Iruñeko Baluartera iritsi aurretik 55 herrialdetik igaro da «Anatoliako sua» ikuskizuna, eta, guztira, 10 milioi ikusletik gora izan dituzte. Berme zabala eskaintzen dute zenbaki horiek, baina harago doa taldearen arrakasta, gaur egungo dantza talde hoberenen artean sailkatzen baitu kritikak Mustafa Erdogan dantza taldea. Ikuskizuna eszenaratzean era askotako dantzak eta erritmoak batuko dituzte konpainia osatzen duten 40 dantzariek. Hala, tap, klakea, ekialdeko dantzak eta sabel-dantza, besteak beste, ikusteko parada izango da Baluarteko areto nagusian , 20.00etatik aurrera.

Taldeko zuzendariak, Serdam Candarrek, azaldu zuenaren arabera, ikuskizunaren helburua «mundu osoko publikoari Anatoliako kulturan eta mitologian oinarritzen den egitasmo bat erakustea da». «Anatoliako sua» ikuskizunaren koreografoak, Abdullah Atesek, bestetik, ikuskizunaren zailtasuna nabarmendu zuen, egunean 12 ordutik gora ematen baitute entseguetan. Koreografiaren konposizioari dagokionez, antzinako Anatolia lurraldeko kultura eta mitologia du iturburutzat. Jantziak eta makillajearen aldetik, Vanu Goktug dantzariak horien garrantzia argi utzi zuen, «Anatoliako elementu klasikoak» azaleratzeko oso alderdi baliagarriak baitira, bere iritzira.

Bi zatiko emanaldia

Emanaldia bi zatitan banatzen da eta Erdialdearen eta Mendebaldearen arteko topaketaren berri ematen du ikuskizun osoan zehar. Horrez gain, Mediterraneo ekialdean sustraiak dituen ikuskizuna da, eta taularatzerakoan ikus-entzuleak txundituta usteko indarra duena. Lehenengo atalean ibilbide zabal bat gauzatuko dute, Anatoliako ekialdetik, Egeo itsasotik eta Mediterraneotik, besteak beste. Bigarrenean, bestalde, ekialdeko eragina erakusten saiatuko dira eta horrez gain, dantza balkanikoak ere ikusteko parada eskainiko dute. Lehenak 90 minutuko iraupena du eta bigarrenenak 40koa.

Mustafa Erdogan konpainia Turkiako dantza talde nagusia eta handiena izateaz gain, bi Guinees errekor ere eskuratu ditu. Lehena, Ereglinen 400.000 lagunen aurrean antzeztu zutela-eta; bigarrena, Brodumeko erromatar antzokian azken 2.300 urteetan egin den ikuskizun bakarra eskaini zutenean. Anatoliako eskualdearen jatorrizko folklore-dantzen zalea da Mustafa Erdogan eta konpainia 1999. urteaz geroztik dabil bere zuzendaritzapean. Talde honek 2002. urtean egin zuen lehen mundu bira, eta harrezkero 60 estatutan egon dira 1.200 emanaldi egin dituzte eta 10 milioi ikusle liluratu. Euskal Herrian lehendik ere izanak dira, «Anatoliako sua» ikuskizuna Euskalduna jauregira ekarri baitzuten joan den apirilaren 28an.

ITURBURUA

Ikuskizun honen koreografia eratzeko iturburutzat hartu zuten antzinako Anatoliako kultura eta mitologia, eta horren berri emateko, 40 dantzari arituko dira agertokian.

Fitxa

Izenburua: Fire of Anatolia.

Eguna eta ordua: Gaur, 20:00etan.

Tokia: Baluarte, areto nagusian.

Salneurria: Aretoko eserlekua, 25 euroan, eta palkokoa, 20 euroan.

Taldea: Mustafa Erdogan dantza taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo