GARA > Idatzia > > Mundua

Polisarioa negoziazioak hasteko prest dago, Van Walsumek alde egin ostean

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2005. urtetik Saharan duen ordezkariak ez du bere postuan jarraituko. «El Pais» egunkarian idatzitako artikuluan, Peter Van Walsum «adostasunaren alde» agertu da, baina, era berean, Fronte Polisarioari «independentzia alboratzeko» eskatu dio.

GARA |

Peter Van Walsum Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak ez du beste agintaldirik beteko Saharan, «El Pais» egunkarian idatzitako artikuluan aitortu duen legez. Maroko eta Sahararen arteko gatazkan bitartekari lanak egiteko asmoz bidali zuten Van Walsum, baina Fronte Polisarioak indar okupatzaileen alde egotea leporatu zion diplomatiko holandarrari.

NBEk oraindik ofizialki jakinarazi ez duen arren, Van Walsumek bere egitekoa bukatu duela adierazi du artikuluan. Bertan, egungo egoeraren balorazioa egiten du ordezkari ohiak, eta aurreko aldietan egin bezala, Fronte Polisarioari egozten dio gatazkaren erantzukizuna.

«Polisarioak independentzia eskatzen jarraitzen badu, Marokok ezetz esango dio berriro, eta [NBEko] Segurtasun Kontseiluak adostutako konponbide bat ezinbestekoa dela adieraziko du. Ez da ezer aldatuko, beraz», ohartarazi du 74 urteko diplomatikoak.

Era berean, gatazkari amaiera emateko bere ustez jarraitu beharreko formula ere azaltzen du iruzkinean: «Polisarioak Sahararen independentzia osoa aldarrikatzen jarraitzen badu, blokeoak ere bere horretan jarraituko du. Adostutako konponbidea onartu beharko luke».

Van Walsumek aipatzen duen «adostutako konponbide» horrek autonomia proposamen bat izango luke oinarrian.

«Okupatzaileen alde»

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Aljerian duen enbaxadorea, Brahim Ghalik, negoziazioak hasteko prest agertu zen atzo, «Peter Van Walsum NBEko ordezkaria ez bada».

«Nazioarteak egin dituen esfortzuetan parte hartuko dugu, konponbide iraunkor eta zuzena lortu arte, Saharako herriari independentzia eskuratzeko eskubidea aitortu arte», baieztatu zuen Ghalikek.

Aljeriako enbaxadoreak Van Walsumen jokabidea gogorazi zuen, «bake prozesutik bere burua baztertu zuen, Marokoko okupatzaileen aldeko jarrera hartu zuen».

Apirilean, NBEko ordezkari ohiak Sahararen independentzia «egingarria ez zela» adierazi zuen, eta Marokok egindako «autonomia proposamenarekin bat egin zuen». Van Walsum kargu horretan izan bitartean, negoziazioak bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Fronte Polisarioak, hark NBEren «ustezko neutraltasuna» hautsi zuela-eta.

Fronte Polisarioak eta Marokok 2007. urtetik hona lau aldiz egin dituzte jada negoziazio saiakerak NBE bitartekari dutela, baina elkarrizketek porrot egin izan dute.

marokorekin bat

Fronte Polisarioak Van Walsumek izan duen jarrera salatu izan du, independentzia ez zela «egingarria» adierazi zuelako berak, Marokoren autonomia proposamenarekin bat eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo