Harri-jasotzea Torneoa
Elgoibarrek emango dio hasiera hilabete oparoari
Eizmendi, Izeta IV.a, Bertiz eta Telleria II.a neurtuko dira San Bartolome Torneoan, bihar arratsaldean Elgoibarko plazan, 18.30etik aurrera
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Elgoibarko Torneoarekin emango diote hasiera iraileko hilabete oparoari, benetan erakargarriak izango baitira datozen egun hauek kirol honetan.
Hasteko, Elgoibarko Torneoa izango da ikusgai bihar bertan. Gero, irailaren 21ean Marijose Sardonek marka saiakera bat egingo du, eta astebete geroago helduko da denek itxaroten dauden apustua, Izeta II.ak eta Irigoienek jokatuko dutena, alegia.
Hasteko, ordea, bihar 18.30etik aurrera jokatuko da saio bat Elgoibarko plazan. Bertan, 30 urte baino gutxiago dituzten harri-jasotzaileak izango dira lehian, eta aukera ederra izango da gazteak eta etorkizuna duten kirolariak ikusteko.
Eizmendi, Izeta IV.a, Telleria II.a eta Bertiz lehiatuko dira nor baino nor. Kirolari bakoitzak 100 kiloko hiru harri erabili beharko ditu. Zilindro zaharra, kubikoa eta bola. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutu izango dituzte.
Txapelketa oso erakargarria da, eta maila onean dabiltzan kirolariak agertzen dira. Zaleen ustez, txapela Eizmendiren eta Izetaren artean egon omen daiteke. Izeta gazteak oso maila ona eman du aurtengo udan. Alegiako torneoa irabazi egin zuen bere osabarekin batera, eta ilusioz gainezka joango da Elgoibarrera ere.
Eizmendi, aldiz, ez da uda honetan uste bezain ongi aritu, baina apurka-apurka ari da bere onera heltzen, eta lehiaketa honetan aukera ederra izango du bere mailarik onena erakusteko.
Hala ere, beste biekin ere kontuz ibili beharko da. Bertiz, agian ezezagunena izango da, baina berak jantzi du aurten Nafarroako txapela, eta garbi dauka honelako torneo bat oso garrantzitsua izango dela jende guztiaren aurrean ezagutzera emateko.
Telleria II.a ere ez da bazterrean utzi behar, berarentzat pisu egokia baita, eta duen guztia emango du ahalik eta posturik onena lortzeko.
Hasiera besterik ez
Hala ere, torneo hau datozen egunetan izango diren ekitaldi handien hasiera besterik ez da izango, iraila oso hilabete garrantzitsua izango baita kirol honetan, batez ere azkeneko bi asteburuak direla-eta.
Hasteko, irailaren 21ean Marijose Sardonen txanda izango da. Berak 100 kiloko bolarekin marka ahalegina egin nahi du. Hori lortzen baldin badu, emakume batek inoiz egin ez duena egingo du, eta horretantxe saiatuko da Irurako plazan.
Astebete geroago Tolosako zezen-plazan batuko dira Izeta II.a eta Irigoien. Aiarrak eta errezildarrak apustu handia iragartzen dute, eta zaleak irrikaz daude desafio hori ikusteko. Eskarmentua eta gaztetasuna neurtuko dira egun horretan, eta ezeren okerrik ez dela, Tolosako zezen-plazak betekada jasoko du.
Sardonek, ordea, Irurako ahaleginaren aurretik, Euskal Herriko Txapelketa bat ere izango du, etzi Arazurin, 13.00etan hasita jokatuko den Euskal Herriko Txinga Txapelketan izango baita. Berarekin batera, Almandoz, Sousa, Arrospide eta Iriarte neurtuko dira. Neska bakoitzak 25 kiloko txingak izango ditu esku bakoitzean.
Mutiletan, berriz, Beitia, Zubiaurre, Sukuntza, Agirregabiria I.a, Agirregabiria II.a, Alberdi eta Hierro neurtuko dira. Mutilen kasuan, bakoitzak 50 kiloko txingak erabili beharko ditu esku bakoitzean. Bai mutilen kasuan, eta bai nesken kasuan ere, helburua bera izango da, txingak eskuan hartu, eta ahalik eta metrorik gehien egitea.
Kirolari bakoitzak 100 kiloko kubikoa, bola eta zilindro zaharra erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutu izango ditu. Guztira jasoaldirik gehien egiten dituenak eramango du txapela.