GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-zulatzea

Liga amaitzeko, bigarren postua egongo da jokoan

J.L. | DONOSTIA

Jaizubiak txapela jada segurtatuta badu ere, bihar izango da Euskal Herriko Ligako azkeneko ekinaldia, Trapagaranen, Errotaberri kalean, 18.30etik aurrera.

Ligako azken saioa izango da, beraz, baina pasa den igandean segurtatuta utzi zuen txapela Jaizubiak. Hondarribikoek ondoz ondoko hirugarren urtez lortu dute garaipena, eta azkeneko saiora lasai joango dira, nahiz eta garaipena erdiesteko aukera ere ez duten baztertzen.

Lehen postua erabakita egon arren, beste postu batzuk oraindik erabakitzeko daude, eta horien artean dago bigarrena. Postu horretarako Trapagaran eta Burdin Gazteak lehiatuko dira.

Lehen talde hori txapela lortzeko hautagai zen Jaizubiarekin batera, baina huts askotxo egin dituzte, eta lehen postu horretatik kanpo geratu dira. Hala ere, bigarren postua eskuratu nahi dute eta zaleen aurrean ez dute hutsik egin nahi. Gainera, Liga garaipen batekin agurtu nahiko dute.

Borroka, Burdin Gazteak taldearekin dauka Trapagaranek. Ortuellako taldeak lan bikainak eskasekin tartekatu dituzte. Garaipen handiak lortu dituzte Liga honetan, baina kolpe handiak jaso ere bai. Oraingoz Trapagaranek errazago dauka bigarren postua lortzea.

Liga bihar amaituko da, baina ez denboraldia, oraindik binakako eta bakarkako txapelketak jokatzeko baitaude.

Beste lehiaketak

Asteburu honetan txapelketa gehiago ere izango dira, eta bihar bertan jokatuko dira Zestoan Gipuzkoako orga-jokoko eta zaku-lasterketako finalak.

Orgarekin, Martiartu, Goikoetxea eta Urreisti lehiatuko dira herrialdeko txapela lortzeko asmoarekin, bihar, 13.00etatik aurrera, Zestoan jokatuko den lehiaketan.

Saio berean, herrialdeko beste lehiaketa bat ere izango da, eta zaku-lasterketako Gipuzkoako txapela banatuko da.

Hiru talde lehiatuko dira. Bi Mutrikukoak, San Jeronimo eta Kalbaixo, eta bestea, Baliarrain izango da. Hiruren artean erabaki beharko dute herrialdeko talderik onena zein den.

Berriozarren, berriz, Nafarroako Herriz-Herri Txapelketako lehen faseko azken jardunaldia izango da. Berriozar, Gure Txokoa eta Basaburua neurtuko dira saio honetan. Finalak, berriz, datorren asteburuan jokatuko dituzte, Arraiozen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo