GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Kimuak 2008 katalogoak partaidetza marka gainditu, eta hiru genero handiak bildu ditu

p049_f02_097x092.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal film laburrak sustatzeko helburu duen Kimuak programak bere hamaikagarren katalogoa Zinemaldian aurkeztuko du, eta antolatzaileek espero dute hortik aurrera aurreko urteetako lanek izandako ibilbide arrakastatsu bera izatea. Gero eta finkatuago dagoen ekimena izan arren, hainbat berrikuntza izan dira aurtengoan. Esate baterako, hiru genero handiak azaltzen dira lehen aldiz, hau da, fikzioa, animazioa eta dokumentala lantzen duten proposamenak aurkitu daitezke aurtengo katalogoan. Horrez gain, laugarren genero hibrido bat ere aurkitu daiteke, dokumental faltsua.

Egitasmo honen arrakastaren isla aurtengo partaidetza izan da, inoiz baino lan gehiago aurkeztu baitira. Guztira 52 proposamen jaso dituzte antolatzaileek. Iaz bezala, Gipuzkoan ekoitzitakoak nabarmentzen dira aurten, aukeratutako zortzi lanetatik sei lurralde horretan egindakoak baitira. Zortzigarrena Bizkaitik jaso dute.

Beste gauza bitxi batzuk ere gertatu dira 2008ko edizio honetan. Esate baterako, programa honen historian lehen aldiz bi zuzendarik, Jon Garaño eta Raul Lopez donostiarrek, bina lan izango dituzte katalogoan. Bestetik, hautatutako zuzendarien artean soilik bik parte hartu dute aurreko edizioetan, David Gonzalezek, 2006koan, eta Izibiñe Oñederrak, 2007koan.

Atzo egindako aurkezpenean, Miren Azkarate Kultura sailburuak azpimarratu zuen: «Jakin badakigu, nonahi aurkezten direla ere, euskal ikus-entzunezkoen mundua leku onean utziko dutela». Javi Alonso zuzendariak, ordea, Azkaratek zuzentzen duen sailari eskatu zion ahalegina egiteko, hurrengo urteetan, merezi duten lan guztiak katalogoan izan daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo