DEIA Rikardo Arregi 2008/8/29
Misterioak
Argitaratu berri dioten elkarrizketa batean George Steiner-ek esaten du euskara hizkuntza misteriotsua dela, oso arraroa eta oso boteretsua, jende bati ezinezkoa izango zaiola agian kanpoko mundua onartzea hizkuntzaren nolakotasunak direla medio, baina ez dagoela ziur. Ez dut Steiner epaituko, ez dakit nolakoak izan ziren galderak eta elkarrizketatzailearen asmoak, ez eta nolakoak izan ziren erantzunen transkripzioak ere. Steiner azkarra da eta zalantzazko erantzuna eman ondoren ez dagoela ziur esaten du. Jakina, niretzat euskara ez da batere misteriotsua (...).
Egia da euskaldun askori gustatzen zaiola euskara misterioarekin apaintzea, agian gaixoek ez baitute beste gauza errealago bat eskura, baina jatorriaren afera akademikotik aparte ez dut ikusten nik inon misteriorik. Duen misterio apur hori ere kenduko nioke, ahal banu; bizitzan misterio bat izatea, baita norberaren bizitzan ere, astuna baita eta ez oso praktikoa.
Misterioak bilatzekotan misteriotsuagoa iruditzen zait niri PSEk euskaltzaletasuna hurbiletik bizi-tzeko hartu duen erabakia. Esan nahi du horrek orain arte barneko mundu hau onartzeko zailtasunak zituela? Ez dakit hurbiltzea azkarra ala geldoa izango den, ez dakit ere hauteskundeak irabazi (edo galdu) ostean jarraituko zaion hurbiltzeari, baina hurbiltze gehienak maite ditut, beroak dira. Hurbiltzearen ondotik ukitzea dator, eta ukitzeak askotan, ai ene, misterio guztiak ezabatzen ditu.