Etxebizitzaren arloko oinarrizko legeak aztergai Intxausetako eztabaidetan
Christine Boutin Etxebizitza eta Hirigintzako frantses ministroak parte hartu zuen ostiralean Bunuzen egin ziren Intxausetako eztabaidetan. Ministroak, kaleratu berri duen SRU legearen edukia defenditu zuen.
Ainize BUTRON |
Intxausetako eztabaidetan, berriz ere, etxebizitzaren gaia mahai gainean jarri zuten joan zen ostiralean. Bertan, etxebizitzaren arloan lan egiten duten Estatu frantseseko gizarte eragile eta elkarte buru nagusiek Christine Boutin Etxebizitza eta Hirigintzako ministroarekin eztabaidatzeko aukera izan zuten.
Boutinek etxebizitza alorreko SRU lege proiektua aurkeztu berri duenez, Bunuzeko hitzordua ministroaren eta eragileen arteko parez pareko eztabaida burutzeko baliatu zen. Horiek horrela, legearen edukia gogorki salatu zuten bertan bildutako banketxeetako buruek, etxe jabeen babeserako elkarteetako buruek zein sindikatuetako ordezkariek; guztiek bat egin zuten legea eskasa dela esaterakoan. Eragileen iritzia entzun ondoren, uneotan etxebizitza arloko politikak «bihurgune batean» daudela azpimarratu zuen Boutinek.
«Lege berriaren xedea ez da zerbait handia egitea, baizik eta gaur egun etxebizitzaren arloan dauden beharrei erantzutea. Legean jasotako artikulu bakoitza osotasun bateko osagaia besterik ez da eta, osotasun horren xedea, etxebizitza berriz bultzatzea da», erran zuen ministroak egungo krisia aipatzearekin batera. Era berean, emendakinak jaso ondoren, SRU legea urrian bozkatuko dela nabarmendu zuen Boutinek.
Intxausetako eztabaiden bigarren partean, tokiko eragileak izan ziren protagonista. Eta, bertan, orain dela bi urte sortutako etxebizitzaren egitura publikoaren lana aztergai izan zuten. Hain zuzen ere, Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseiluko burua, Peio Etxeberri-Aintxart Abertzaleen Batasunako ordezkaria eta Jean-Pierre Voisin Angeluko herriko etxeko zinegotzia izan ziren hizlariak.
Lekuko gaiak aipagai
Etxetok etxebizitzaren egitura publikoak egindako lana txalotu bazuen ere, Etxeberri-Aintxartek horrelako tresnak eraginkorragoak izateko laguntza behar dutela nabarmendu zuen. «2008ko hauteskundeak aitzin hamaika dosier aztertu ditu egiturak; alta, 78 herriko etxeen egituren barne dira», esan zuen.