Julen MURGOITIO
Ezetza baietz! apustua nahi?
Gaurkotu beharra daukat nire geografia sena. Hain dira sakonak azkenekoan izan diren aldaketak! Kasurako, umetan fraideen ikastetxe hartan buruz ikasitako Afrikako hiriburu-zerrenda hartatik bat ere ez da orduko izenarekin geratzen; are gehiago, estatu batzuk ere aldatu dira, mugaz behintzat. Portzierto, orduko fraide haien artean bat ere ez da gerora fraide geratu, estatusa aldatuta, mugak orduko haiek mantentzen dituzten arren. Tira, Europan ere izan dira aldaketak, eurozonatik kanpo batez ere. Total, hainbeste aldaketarekin etxeko horman mapamundi berria behar nuela eta lehengoan Bilbo erdiko liburudenda batera joan nintzen; ezetz, han Bilboko mapamundia besterik ez zutela saltzen. Landa eremuko herrixka bateko dendan aurkitu nuen, baita erosi ere. Itzelezko jakin-mina neukan munduko ordena berriko mugak non diren jakiteko. Afrikan, bai, baita Europan ere, eta Artikon, jakina, baina batez ere nire minik handiena Ipar Atlantikoa gaur noraino zabaltzen den behingoz jakitea zen, azken hilabeteetako albisteek guztiz nahastuta naukatelako. Eta hortxe izan naiz, aulkian jesarrita, fraideen mapa hura gogoan, txizontzia alboan, hormako mapa berriari begira, arretaz, ozeano horren bazterrak aldatu diren ala ez erreparatu nahian. Hauxe kolpea! Ezetz, ba, Ipar Atlantikoak betiko lekuan segitzen du, horretan behintzat arrazoia zuten fraideek, betiko kostek mugatzen dute orain ere, ekian zein mendean. Hori bai, antxoarik ez oraingo Atlantikoan, hori ere igarri nuen mapa berrian. Txizontzia beteta zegoela ere, ezin nuen neure harriduratik atera; zelan da posible Asiako Kaukaso inguruko herri batzuk, mugak non dituzten jakin ere ez dakitela, NATOren egituran sartzear egotea? Nora eta Ipar Atlantikoko egitura batera! Ene, ene! Ipar Atlantiko hori Mediterraneoa hartzen hasi zen, orain Kaspioa hartu nahi du, gero seguruenik Indiakoa ere hartuko; kapaz da hori Kantauri itsasoa bera ere bereganatu nahi izateko! Gauzak horrela, ez ninduke harrituko, batere, Pazifikoak bere izena aldatzea erabakiko balu. Tira ba, txizontzia libratuta Bilbora jo dut berriro ere, begiak zigortze aldera. Hara non apustu-etxe zabaldu berri baten aurretik pasatu naizen. Baita sartu ere. Hauxe kolpea! Pilotan? Ez. Futbolean? Ezetz, ba; apustu gehienak kontsultaren ingurukoak ziren. Eta jokatu egin dut: baietz ezetz!