Joakin Balentzia Tirapu Idazlea
Paveseren porrota ote?
Gizakioi poesia eman digu, askoren oinazeak konpartituz. Hortxe dago Cesare Paveseren garaipena, literaturak nolabait bizitzaren kalteetatik babesten gaituelako. «Nik, eta beste askok ere nire ustez, ez dugu absolutuki egia dena bilatzen, geu zer garen baizik», idatzi zuen bere egunkarianCesare Pavese poeta italiar handiaren azken hitzak ez dira bizi-egunkari literarioko («Il mistiere di vivere», «Bizitza lanbide», Maite Lopategik euskaratuta) bukaeran agertzen direnak, bere suizidioaren iragarkia diren horiek, baizik eta bere testamentua izan litezkeenak: «Nire parte publikoa egina dut (ahal nuena). Lan egin dut, gizakiei poesia eman diet, askoren oinazeak konpartitu ditut» (1950ko abuztuaren 16an).
Orain, bere jaiotzaren 100. urteurrena denean, gogoratzen dugu bere bizitza eta badakigu eman direla bere suizidioari buruzko azalpen anitz, bere bizitzako porrota bezala. Badago liburu bat eta guzti izenburu horrekin, «L'échec de Pavese» (Paveseren porrota, Grasset 1983 ) Dominique Fernandezek egina, non askotan psikoanalisia egiten baita poetaren obraren lepotik, nahiz eta ezin den ukatu ikasketa interesgarria denik. Egia da suizidioaren ideia egon zela berarengan batzuetan. Baina Dominique Fernandezek Paveseren «ezinezko heldutasuna» argudiatzen du bere liburuan idazlearen azken erabakia argitzeko.
Ni ez nago batere ados horrekin. Paveserekin bat nator: «Munduan ez gara sekulan bakarrik. Txarrenera jota mutiko bat, gaztetxo bat eta, ezari-ezarian, gizon heldu bat ditugu lagun: geu izan garen hura» (41-42 negua). Bere suizidioa gizon heldu baten erabakia izan zen; hain zuzen ere, ikaragarri sufritzen omen zuelako: «Laburtuz, hiltzea (ezpataz nahiz izpi hiltzaileaz) ez da ezer; zientifikoki bizitzeak ikaragarria dirudi» (1940ko apirilaren 29an).
Eta gizakioi poesia eman digu, askoren oinazeak konpartituz. Hortxe dago Paveseren garaipena, literaturak nolabait bizitzaren kalteetatik babesten gaituelako. «Nik, eta beste askok ere nire ustez, ez dugu absolutuki egia dena bilatzen, geu zer garen baizik», idatzi zuen bere egunkarian.
Pavese era berezi batez sartzen da angustiari buruzko europar kultura eta literaturan (Baudelaire, Kafka, Sartre, Camus, etabar). Zentzu batean erran daiteke literatura moderno garrantzitsuaren hainbeste ezaugarriak pesimismoz, itxaropen-ezaren sentimenduz eta giza existentziaren absurduaz josita daudela. Paveseren narrazioetan eta poemagintzan aurki ditzakegu komunikatzeko ezintasuna eta, bide batez, irrika. Sinbolo batzuk dira nagusi, bi serietan sailkatuta. Alde batetik, figura bortitzak: sua, odola, eguzkiaren argia, naturaren elementu desberdinak (muinoak, artatza, sugea...), alkohola, gorputz biluzia; gauza-sinboloak, objektuak egoera puruan, erabat hertsiak beraien kontra haustera etortzen den kontzientziaren aurrean. Beste aldetik, sinbolo leunak: karrika, hondartza, dantza, kafetegia... Sinbolo horiek eduki hutsala azaltzeko agertzen dira bere obran, hara eta hona ibiltzea alderrai. Txokerik ez, kontzientzien paralelismoa baizik.
Eta mutikoaren (ragazzo) sinboloa dago: «Etxetik ihes egiteko kalea zeharkatzea/ mutiko batek bakarrik egin lezake, baina kaleak/ egunero ibiltzen dituen gizon hori jadanik ez da mutiko bat/ eta ez doa etxetik ihes», Joseba Sarrionandiak «Lan egitea nekagarria da» poema itzuli zuen bezala. Horrela azaltzen du Pavesek bere egunkarian: «Dena dago haurtzaroan, baita etorkizunean izango den lilura ere, zeina zirrara zoragarri gisa orduan soilik sentitzen den» (1948ko otsailaren 13an).
Drama beti da berbera: lagun harremanek bi sujetuak bakardade osoan utzi ohi dituzte etsai harremanak bailiran. Sinbolo bortitzen eta leunen artean, bietan batera, emakumea dago. Emakumezkoa da gorputza, gorputz biluzia, borrokatzeko eta poseditzeko, eta lagun paralelo eta helezina ere, ibilbide eta jaietako lagun ezgauza. Berak muinoetako isolamendutik ateratzen du gizonezkoa, baina bere baitatik libratzea lortu gabe.
«Poesia ez da sentimendu bat, egoera bat baizik; ez da ulertze bat, izate bat baizik», dio Pavesek. Artea minaren liberazio bide bat dela onartzean, egile italiarra poeta handi bat bezala onartzen dugu. Bere mezua ez da gizakia desesperantzan murgiltzeko, desesperantzatik ateratzeko baizik. Zentzu horretan, angustiaren inguruko artea ez da hutsala, ez da ere hondoratzera kondenatuta. Gure miseriarik handienean, konfusiorik itzelenean, ezin dugu ezabatu, beraren bidez aurkitzen baitugu gure miseriaren kontzientzia, berehalako kontsolamendurik ez eduki arren, A. Hauser-ek dioenez.
Horregatik, «sufritzen duguna» jakiterakoan, honelako literaturan, geuk errateko gauza ez izan arren, arrisku hori, oinaze hori, gainditzeko ahalmenik badugu. Miseriari buruzko kontzientzia edukitzean gaindi dezakegu bestela botere ezkutuen obraren antzera mehatxatzen gaituena. Artearen forma tragikoak, gizakiaren egoerarik etsituena erakusten duena, kontaezina izateagatik hain zuzen, zentzu handi bat badu, hau da: ideia edo ilusioa onartzea kontaezina nolabait azal daitekeela eta horregatik ulertu eta neurtu daitekeela.
Albert Einsteinen esaldi batekin bukatzeko, azken honekin eta beste hainbesterekin zer ikusirik duelakoan, erran dezagun: «Errealitatea oso ilusio iraunkorra da». Errealitatea baita ez bakarrik gure buru eta kontzientziatik at dagoena, baizik eta barruan dagoena ere bai.